GARA Forum: negoziaziorako eta trantsiziorako, alegia, politikarako irakaspen garrantzitsuak
Atzo Donostian egin zen GARA Forumak ondorio mamitsuak utziko zituen bertara gerturatu zirenentzat. Horietako batzuek, politikagintzan aritzen direnek, ardura berezia dute irakaspen horiei forma ematen, eredu borobilik ez dagoela jakin arren, han jasotako ideiak eta sentsazioak bertara ekartzen eta egokitzen ahalegindu beharko dute. Une politikoa azaltzeko tresna gehiago izango dituzte behintzat, beren ikuspuntua aberastuko zuten-eta; ez da gutxi.
Ardura klase hau ez duten herritar asko zeuden atzo bertan, eta askoz gehiago izango dira gaur egunkarian edo bertaratu zirenei galdetuta esandakoen berri jakingo dutenak. Horiek ere badute, beste maila batekoa bada ere, ardura garrantzitsua, akaso garrantzitsuagoa: ilusioa piztu eta konpromisoak hartzea, ez baitira hauek begira edo entzuten geratzeko garaiak.
Ez hegoafrikar ez irlandar borrokalariek ez zuten inoren oparirik jaso. Beraien indarguneak baliatuta eta beraien ahulguneak zeintzuk ziren jakinda egin zuten aurrera. Asmatuko zuten batzuetan, besteetan tronpatuko ziren, baina aurrera egin zuten beren helburu politikoak lortzeko bidean erabakiak hartu zituztelako.