Aitor Idoiagabeitia Mendexako alkate legitimoa
Mendexa, hiru urte salbuespen egoeran
Hiru urte pasatu dira EAJk Mendexako Udala indarrez okupatu zuenetik. Ordutik, Mendexan salbuespen egoera gori-gorian bizitzea tokatu zaigu: herritar gehienak boto eskubiderik gabe, erabakitzeko eskubiderik gabe, udaletxea herritarrari itxita, erabakiak Bilbon hartzen, udalbatza itxiak, eta gainera bide errepresiboa herritarrak isilarazteko, isunak, zitazioak, jazarpenak...
Udal hauteskundeetan herriak alkatetza EAE-ANVri eman zion arren, EAJko kolpistek ez zuten herriaren hitza errespetatu.
Frankoren garaian bezala, EAJko buruzagitzak atzamarrez aukeratu zituen gure herriko Gestorako kolpistak. Herritarroi lepoa emanaz etorri ziren eta horrela gobernatzen dute. Beraien politikak ahalik eta informazio gutxien zabaltzean eta autoritarismoan oinarritzen dira.
Neurri populistak sustatzen dituzte. Inork ez daki zer eta noiz erabakitzen duten. Erabaki guztiak Bilbon hartzen dituzte eta, bat-batean, inolako berririk izan gabe ikaragarrizko obra eta neurri populistak bideratzen dituzte. Hiru urte hauetan, herritarroi galarazi egin digute Udaleko erabakietan parte hartzea.
Mendexako eta Ondarroako Udalak okupatzeko, EAJ Alderdien Lege espainiarraz baliatu zen. Orain, Eusko Jaurlaritzatik kanporatu dituenean, lege berbera iruzurra dela diote. Ba, bai! Iruzur galanta gainera, EAJk orain hiru urte Mendexan eta Ondarroan egin zuen berbera.
EAJren eredu politiko-autoritarioak mendexar gehienek eskatutako hainbat eskari bertan behera bota ditu:
1. Ehun etxe eraikitzeko proiektua aldatzeko eskatzen zuten 140 sinadurak.
2. Udaleko goiko solairuko erabilera anitzeko lokalaren ordenantza ez onartzeko eskaria.
3. Udalbatzak Mendexan egiteko eskaria.
4. Herriko tabernan «Deia»ren eta «Berria»ren harpidetza ordaintzeaz gain, «Gara»rena ere ordaintzeko eskaria.
Eta abar luze bat.
Hiru urte hauek gogorrak izan diren arren, ezker abertzalea ondo antolatu da. Hirigintza mailan, EAJk bultzatu eta herria eralda dezaketen proiektuak atzeratu ditu. Herritarrekin egunerokotasunean zuzeneko hartu-emanak mantendu ditu, beraien eskariak entzunez eta bultzatuz. Hiru hilean behin, herritarrak informatzeko «Zeutzak» aldizkaritxoa kaleratu du, eta herriko jaiak antolatzeko orduan iniziatiba osoa izan du.
Orain, hurrengo urteetara begira, nolako Mendexa nahi dugun erabakitzeko hausnarketa tarte bat zabalduko dugu. Zenbat etxe behar ditugu? Non dago eskola? Non daude behar ditugun zerbitzuak? Non dago kultur etxea? Nola kudeatu behar ditugu gure zelai eta basoak? Nola sortu behar dugu lana? Nola lagundu behar dugu herriko ekonomia lokala...? Galdera hauei irtenbide onena aurkitzeko asmotan, ezker abertzalea lanean ari da.
Urtebete besterik ez da falta EAJko kolpista horiek joan daitezen eta, zorionez, ez dira bueltatuko. Baina EAJk Mendexako herriarekin zintzo jokatu nahi badu, egindako akatsak onartu eta Zaldibian orain urtebete jarri zuten ereduari jarraitu besterik ez dauka.