GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bateraren ustez, Ipar Euskal Herriko erakundetzea «gibelerat» egiten ari da

Arantxa MANTEROLA |

Tokiko erakundeen erreformaren karietara, Asanblea Nazionalean izandako azken gorabeherak aztertu zituen, atzo, Baterak. Diputatuen hitzartzeak, «bederen eztabaida astintzeko» balio izan duela baderitzote ere, plataformako kideek kezka handia agertu zuten, «egun, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko erakundetze ahalegina gibelerat, eta ez aitzina» egiten ari delako.

Jean Lissarek adierazi zuen «argi gorria» piztu dela: «Herritarrek jakin behar dute, pays aitortzaren bidez egun dugun aitortza minimoa, 2013tik goiti desagertu egingo dela. Kontseilu Nagusiak eta Eskualdekoak ahalak galduko dituztenez, Garapen Kontseiluak ez du izango aski bitartekorik proiektuak diruztatzeko». Apenas ezer esaten duten arren, egoera horretaz «eragile eta hautetsi gehienak jabetu» direla gaineratu zuen Martine Bisautak.

Bateraren ustez, diputatuek «Parisetik ekarritako» sindikatu mistoaren proposamenak ez die Ipar Euskal Herriak dituen premiei erantzuten. «Noiz arte segituko dute sasi-irtenbideekin? Noiz arte `petatxoen' politika?» galdetu zuen Jakes Borthairuk, «egiazko prozesua, irekia» behar dela nabarmenduta, «pertsona helduentzako proposamenekin, eta ez korridore arteko trikimailuak».

Proposamen «errealista»

Azken hilabeteetan mahai gainean izan diren hiru hipotesietatik, herri elkargoa sortzearena da, beren ustetan, «proposamen serio eta errealista bakarra» eta horretan segituko dute lanean, eztabaida eragiteko.

Hautetsien erdiarekin baino gehiagorekin ari dira dagoeneko harremanetan beren jarrera argitu dezaten, eta hiru diputatuei ere hitzordua eskatu diete.

«Denei irekitako eztabaida plazaratzea ezinbestekoa da, nork bere proposamenak ekartzeko. Guk, bozen bidez hautatutako ordezkariak, eskumen propioak eta aurrekontua izango dituen herri-elkargoarena defendatuko dugu. Horrekin batera, herritarrak kontsultatzea ezinbestekoa da guretzat», esan zuen Nicolas Blainek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo