GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA Muditu! mugimenduaren aurkezpena

Desobedientzia zibilak mugituta, Aht-ren aurka

Ekintzarako jaio da eta hala aurkeztu da jendaurrean. AHTren aurka egin eta gizarte zein garraio ereduen inguruko benetako eztabaida galdegiteko sortu da Mugitu! mugimendua.Donostian agertu zen atzo aurrenekoz, desobedientzia zibila lan tresna hartuta, eta zeresana piztu zuen errenta aitorpena egiten ari zirenen artean

p013_f02.jpg

Oihana LLORENTE

Atzo Gipuzkoako Ogasunaren Ordezkaritzan errenta aitorpena egiteko txanda zuten herritarrek erakundeek zergen bidez biltzen duten dirua zertan xahutzen duten argi ikusi ahal izan zuten, Mugitu! mugimenduaren lehen ekintzarekin topo egin baitzuten. Bertan, AHTko obrengatik pertsona bakoitzak 4.790 euro baino gehiago ordaindu beharko dituela ohartarazi zuten ekintzaileek.

«Txikiziorako diru gehiagorik ez!» lelopean hogei bat lagunek elkarretaratzea egin zuten egoitza kanpoaldean, AHTren aurka umorez bustitako leloak lau haizetara zabalduz. Mugimendu berriaren logotipoa zuten kamisetak soinean edota buzo eta maskara zuriak gainean hartuta, oinezkoen arreta erakarri zuten eta esku-orrien bitartez protestaren nondik norakoak azaldu zizkieten.

Bien bitartean, bost ekintzaile egoitzan sartu eta aulki eta altzarietara kateatu ziren barruan ere ekintzaren zergatiak azaltzen zituzten bitartean.

10.30ean hasi zen ekimena eta minutu gutxira iritsi zen Ertzaintzaren lehen furgoneta, sirena eta argi urdinak jarrita, Okendo kalean barrena ziztu bizian.

AHTren aurka inguruan zeuden pankartak kendu eta kontzentrazioan parte hartzen ari zirenak identifikatzeari ekin zioten ertzainek. Ekintzaileek, ordea, umorea galdu gabe oihuka erantzun zieten, «Zuen porlanean itoko zarete!», «Ez ez ez, AHTrik ez» eta antzeko leloekin. San Ildefonsoko haurren antzera ere oihu egiten aritu ziren AHTk dakarren gastua adieraziz, oinezkoen eta kazetarien barrea eraginez.

Ogasunaren egoitzako segurtasun indarrek azkar jakinarazi zieten ertzainei hainbat ekintzaile egoitza barruan zeudela eta azkar sartu ziren horien bila. Altzarietatik askatu eta kaleratzen ahalegindu ziren. Ekintzaileak, ordea, bilduta zeuden komunikabide ugarien aurrean AHTren kontrako abestiak kantatzeari ekin zioten, ertzainak amorraraziz.

Musika emankizuna bukatu aurretik, egoitza barnera sarrarazi zituzten berriz, ekintzaileen mezuak hedabideen mikrofonoetatik aldentze aldera.

Horiek, ordea, aurpegia eman eta jaio berri den mugimenduaren helburuak zabaldu zituzten prentsaren aurrean. Egoitzarik eta egiturarik ez duen mugimendua da, eta buruzagirik eta arduradunik onartzen ez duena dela adierazi zuten bi eledunek. Euren xedea AHTren «inposaketari» aurre egitea da eta helburu hori duen edozeinek Mugitu! mugimenduaren izena eta logoa erabil ditzakeela adierazi zuten. Hori bai, sigla horien pean egiten diren ekintzen erantzukizuna ekintzaileena dela ohartarazi zuten. Mugimendu berria inor ordezkatzera ez datorrela ere jakinarazi zuten eta bertan parte hartzera animatu.

Bihar berriz

Ertzaintzak ez du Mugitu! mugimenduaren aldarrikapenek komunikabideetan oihartzunik izaterik nahi eta, mezua ekiditeko asmoz, prentsaren aurrean adierazpenak egiten ari ziren bi herritarrak identifikatu zituzten eta ekintzaren erantzule izatea leporatuko zietela mehatxu egin zieten. Mehatxuak mehatxu, Mugitu! bigarren ekintza prestatzeko lanean ari da buru-belarri. Hurrengo hitzordua: bihar Bilbon.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo