GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ikasle Abertzaleek 2010eko Eskola Ibiltaria aurkeztu dute

Nagore BELASTEGI |

Ikasle Abertzaleak mugimenduak 2010ko Eskola Ibiltaria aurkeztu zuen atzo Lezon eta, bide batez, ikasturtearen balantzea egin zuen. IAk etorkizun «beltza» ikusten du hezkuntza arloan, eta horregatik administrazio desberdinek martxan jarri zuten «erasoaldi espainolistari» aurre egiteko eskatu die euskaldun guztiei. Nahiz eta ikasturtearen gainean balorazio positiboa egin duen, oraindik ere bide luzea egiteko dagoela ondorioztatu zuen IAk. Bide horretatik jarraitzeko, hamaikagarren urtez Eskola Ibiltaria egingo du aurten.

Euskal Herria ezagutzea helburu, urtero inguru bat aukeratzen dute eta hiru egunetan bertako ingurumena, kultura eta ohiturak ezagutzen dituzte. Aurten Oarsoaldea hautatu dute eta uztailaren 1etik 3ra egingo dute ibilbidea «Euskal Herria da gure eskola» lelopean. Lehenengo egunean, Lezotik abiatuko dira Errenteriaraino. Bigarren egunean, Errenteriatik Oiartzunera joango dira, eta, azken egunean, mendi buelta bat egin ondoren, Oiartzunera itzuliko dira berriro.

Bereziki euskal kultura landuko dute, dantza, musika, jai herrikoiak, bertsolaritza, antzerkia, literatura eta herri kirolak kontuan hartuz. Gainera, emakumeek kultur sorkuntzan izan duten garrantzia ere jorratuko dute, baita euskal kulturaren iragana eta oraina ere. Bestalde, Eskola Gorriaren -Unibertsitatean sortutako korrontea- filosofian oinarritutako hainbat eskola prestatu dituzte.

Matrikula

Eskola Ibiltarian parte hartzeko www.eskolaibiltaria2010.tk blogean eman behar da izena, antolatzaileek zenbat jende joango den jakin dezaten. Bonoen salneurria 20 eurokoa da, eta egunean bertan ordainduko dira. Horren truke, gosariak eta afariak, lo egiteko lekua, dutxa, bertso afarirako sarrera eta Gaztetxeko jaialdia izango ditu parte hartzaileak. Bestelako ekitaldien berri ematen joango dira Ikasle Abertzaleen blogean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo