GARA > Idatzia > Mundua

Iranek gaizki hartu du Errusiak eta Txinak AEBei eman dioten babesa

Errusiarekin zituen harremanak gaiztotu egin direla kontuan hartuta, Iranek espero zezakeen bere aldeko botoa Segurtasun Kontseiluan. Hala ere, Teheranek bere haserrea agertu du, ozenago Txinaren aurrean , bere lehen kide ekonomikoak Washingtonekin bat egin baitu.

GARA |

Mahmud Ahmadineyad presidentea Shanghaira iritsi zen atzo, Segurtasun Kontseiluak Iranen aurka zigor gehiago onartu eta biharamunean.

Txinak ere Ameriketako Estatu Batuen asmoaren alde bozkatu zuen eta Teheranek bere haserrea azaldu dio bere lehen partaide ekonomiko eta komertziala denari. «Harrituta nago Txinak AEBen dominazioa onartu izanagatik», azaldu du Ali Akbar Salehi-k, Energia Nuklearraren Erakundeko arduradunak.

Txinak «mundu musulmanean duen tokia galduz joango da eta atzera egin nahi izango duenean berandu izango da», gaineratu du iraniarrak. Are gehiago, Ipar Koreako auziari buruz guztiz kontrako jarrera duela gogorarazi dio Beijing-i.

Txinako Kanpo Arazoetarako Ministeritzaren eledunak, Qin Gang-ek, Iranekin dutena harremanen garrantzia aldarrikatu du eta Txinak herrialde musulmanekin dituen harremanek «aurrera jarraituko» dutela gaineratu du.

Nazio Batuetan Txinako enbaxadoreak, Li Baodong-ek, bere aldeko boza justifikatu bahian, «ebazpenaren ardatza bide diplomatikoa bultzatzea» dela ziurtatu du.

Ahmadineyaden bisita Nazioarteko Erakusketara baldin bada ere, Beijingo agintaririk ez omen du hartuko, Txinako diplomazioa taktikoaren seinale.

Leundutako ebazpena

Izan ere, batez ere Txinaren eraginez, Washingtonen nahi zuen ebazpen gogorra leundu egin behar izan da azkenean. Zigorrak nola aplikatu izango da kontua, eta horretan herrialde bakoitzak margena izango du.

Zentzu honetan, Errusiak ez du denbora galdu eta defentsarako S-300 misilen salmenta bertan behera uzten duela iragarri zuen atzo. Orainarte arazo teknikoak argudiatu izan du salmenta hori atzeratzeko, AEBen eta Israelen presioei amore emanez.

Adituen ustez, Iranen eta Errusiaren arteko harremanak ez dira sekula hain txarrak izan aro modernoan.

Alde batetik, eta Iranek alderantzizkoa pentsatzen bazuen ere, Errusiak oso gaizki hartu du Turkiaren bitartekaritza lana. Ankarak Moskuren lekua hartu duela dirudi.

Beste aldetik, Kremlinek Barack Obamarekin duen harreman ona bermatzea erabaki du, horretarako Iranekin duen harremana gaiztozen bada ere.

Azkenik, ez du ere begi onez ikusten Iranen programa nuklearra. Ahmadineyadek salatu duenez, Dimitri Medvedev errusiar presidenteak «orain dela 30 urte arte etsaiak zituenekin batera joatea erabaki du».

TURKIA

Erdogan lehen ministroak propagandatzat jo du Turkia Mendebaldetik aldendu dela dioten mezuek. «Frantziak Sirian inbertitzen duenean dena ondo dago, Turkia denean, ordea, ez», salatu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo