Nafarroako udalek, lanak ordaintzeko, zorpetzeko aukera izango dute
Nafarroako Parlamentuak defizit publikoa gutxitzeko neurriak jasotzen dituen legea onartu zuen atzo, UPNren eta PSNren botoekin. Kritiken aurrean, alderdiok neurriak «ezinbestekoak» direla esan zuten. Hala ere, ez da jaso Madrilen onartu zen udalak zorpetzeko debekua.
GARA |
UPNren eta PSNren alde bozkatuta, aurrera atera zen atzo defizit publikoa gutxitzeko neurrien legea Nafarroako Parlamentuan. Lege horrek azpiegitura lanak ordaintzeko zorpetzeko aukera ematen die udalei.
Modu horretan, Nafarroan ez da ezarriko Madrilgo Kongresuan onartu zen debekua, udalak zorpetzea galarazten zuena, alegia. Legeak Administrazioko langileen soldaten %5eko murrizketa ere jasotzen du. Batez besteko murrizketa hori E mailako funtzionarioen %0,24ko jaitsieratik A mailakoen %6,7kora iristen da.
Gainera, Gobernuko presidentearen eta kontseilarien soldata %15 jaitsiko da; zuzendari nagusiena, %8; erakunde publikoetako zuzendariena, %7 eta %12 artean; eta gainerako behin behineko langileena, %7. Hala ere, iragarrita zegoenez, jaitsiera horiek ezarri baino lehen, hitzarmenean jasota zegoen %0,3ko igoera ezarriko du Gobernuak.
«Ezinbestekoak»
Javier Caballero Presidentetzako kontseilaria neurrien alde agertu zen, «alferrikako boluntarismoen» gainetik. UPNren ustez, Kongresuak onartutako dekretuarekin, adostasun handiagoa edo txikiagoa izan, ezinbestekoa da Europatik defizita gutxitzeko datorren helburu». Alde horretatik, esan zuen «errazagoa» dela kontra bozkatzea, baina baita «arduragabeagoa» ere.
PSNren aburuz, ekonomiak bizi duen egoera bereziak neurri bereziak eskatzen ditu. Aitzitik, NaBaik gogor kritikatu zuen legea, eta esan zuen defizita gutxitzeko lehenik egin behar dena ez dela gastu publikoa murriztea, diru sarrera gehiago lortzea baizik, eta, horretarako, zerga zuzenak eta ez zeharkakoak igotzea eskatu zuen.
Bestalde, CDNk ekimen hau Gizarte eta Ekonomia Kontseiluan negoziatu ez izana gaitzetsi zuen. Gainera, bere iritziz, Estatuak Auzitegi Konstituzionalean helegitea jar lezake, udalen zorra ez debekatzeagatik. Azkenik, Nafarroako Ezker Batuaren arabera, gastua gutxitzeko neurriok ez dira ez beharrezkoak, ezta legezkoak ere» eta suspertze ekonomikoa eragotziko dute, kontsumoa jaitsiko delako eta enplegua kaltetuko delako.
Bestalde, Lakuako Gobernuak gaur onartuko du ezohiko bilera batean soldata publikoen murrizketak jasotzen dituen legea. Gero, Legebiltzarrera bidaliko du premia biziko prozeduraren bitartez onartzeko. Gastua gutxitzeko beste neurriak dekretuen bidez onartuko dira.
Eudelen esanetan, Lakua «bere kabuz» ibili da gastua gutxitzeko neurriei dagokienez, eta adostasuna lor dezan eskatu zion Patxi Lopezi. Gobernuak, diputazioek eta Eudelek egin zuten bileraren akta bidaltzeko ere eskatu zion.