GARA > Idatzia > Kultura> Musika

«Musikalki eremu ezberdinak ukitzen dituzten rock & roll kantak dira gureak»

p047_f01_97x164.jpg

Koldo SORET

Surfin Kaos taldeko gitarra-jotzaile eta abeslaria

Koldo OTAMENDI

Surfa eta Kaosa. Bi ideia horien uztarketaz sortu zen Surfin Kaos taldea duela zortzi urte Donostiako Intxaurrondo auzoko gaztetxeko entsegu lokaletan. Koldo Soretek (ahots nagusia eta gitarra), Ibon Etxebestek (bateria) eta Dabid Gilek (baxua eta bigarren ahotsa) sortu zuten taldea, eta oraindik ere talde era hori mantentzen dute. Rock&roll talde bat egiteko elkartu ziren eta parametro horietan jardun izan dira urte hauetan guztietan. Bidean, ehunka zuzeneko emanaldi eta lau lan diskografiko burutu dituzte, denbora galdu ez dutenaren seinale.

Surfin Kaos sortu eta gutxira, 2003an, autoekoizpen bidez lehen maketa kaleratu zuten, eta bi urte geroago, berriz, «Bizzionbizzi» lana kaleratu zuen Oihuka diskoetxeak. Lan horri esker hirukoaren izena eta musika zabaldu egin zen, eta emanaldiak areagotu egin ziren hirukoaren doinuak Euskal Herriko gaztetxe, areto eta plaza askotara zabalduz. Gaztelupeko Hotsak zigiluaren bitartez heldu zen iraupen luzeko hirugarrena: «Tryphyllon». Musikalki, talde bezala, heldutasuna erakusten zuen lan horrek, musika tresnekin garapena eta doinuetan berriz eremu berrietan arakatzeko nahia, beti ere, rock&roll musikaren errepide anitzean. Egunotan aurkeztu da taldearen estudioko azken emaitza: «Goizalde Surrealistak». Hamar kantuz osaturiko disko berrian Surfin Kaosek segida ematen dio aurreko diskoarekin ireki zuen arakatze prozesu horri, nahiz eta betiko rock&roll kantu azkar eta sutsuak ere presentzia nabarmena izan disko osoan.

«Tryphyllon» diskoaren aurkezpen bira amaitu berritan hasi zen hiruko donostiarra kantu berrien sorkuntzan: «Hasiera batean, denbora tarte bat utzi nahi genuen, atsedenaldi txiki bat hartu eta berriz ere indarrez ekiteko disko berri bati. Alta, segituan hasi ginen kantuen sorkuntzan», dio Koldo Soret taldeko abeslari eta gitarra-jotzaileak. Koldo bera arduratzen da kantuen sorkuntzaz: «Kantuak sortzeko erraztasuna dut. Disko honetarako hamasei kantu inguru prestatu genituen, eta horietatik hamaika joan dira disko berrian». Denbora honetan hainbat estudio ezagutu dituzte, eta disko berrirako Koldo bera arduratu da kantuak grabatu eta soinu teknikari lanak egiteaz. Horretarako, Le Bukowski aretoa egokitu zuten grabaketa burutzeko. Han, soseguz eta lasaitasunez jardun dute kantu bakoitzari behar zuen denbora tartea eskainiz. «Estudio batek bestelako erraztasunak ematen ditu, baina denbora beti izaten da arazo», azaldu du Koldok grabatzeko aukeratu duten modua aldarrikatuz.

Goizaldeko zazpietan abiatzen zuten grabaketa eta eguerdira bitarte egiten zituzten saiakerak, taberna ireki arte hain zuzen ere. Rock&roll musika gauarekin eta iluntasunarekin lotu ohi da, eta arraro samar suertatzen da lan ildo hau irudikatzea. «Guretzat erraza izan da. Pentsa, egun batzuetan goizeko bostetan biltzen ginen grabatzeko. Azken emaitza ikusita, asmatu dugulakoan nago», adierazi du Koldok. Behin diskoa grabatuta, Andoaingo Garate estudioan egin zituzten kantuen nahasketak eta masterizazioa. Hor ere garrantzia izan du Koldoren parte hartzeak. «Soinu teknikari ikasketak egiten ari naiz egun, eta praktikak Garate estudioan egitea egokitu zitzaidan. Aitzakia hori baliatuz, Martxel eta Kaki Arkarazokin batera eman genizkion azken ukituak Le Bukowskin abitu genuen grabaketa prozesuari».

Lankidetza ugari

Surfin Kaos taldearen lanean, ohi bezala, lankidetza ugari topatu ditugu «Goizalde Surrealistak» disko berrian ere. Aurreko grabaketetan Fermin Muguruza, Inoreneroni taldeko Okene Abrego, eta Estricalla taldeko Fer Apoaren laguntza izan zuten, besteak beste, ahotsetan nabarmendu zirelarik musikari lagunen ekarpenak.

Disko berri honetarako, aldiz, musika tresna ezberdinak izan dira protagonismoa hartu dutenak. «Kantu bakoitzak behar zuen lankidetza izan du, horrela, kantua bera aberastuz», azaldu du Koldok. Zentzu horretan, Señor No taldeko Xabi harmonikarekin, Munlet taldeko Ana eta Ina theremin-arekin, eta Chico Boom taldeko Alvaro Turrion Hammond organoarekin izan dituzte lagun. Muskan ez ezik, hitzak egiteko garaian ere laguntza izan dute. «Azken batean, lagunak baliatu ditugu lankidetza guztiak egiteko. Walter Aguirre, esaterako, Le Bukowski aretoko jabeetako bat da eta Urko Aranburu, berriz, gure zuzeneko soinu teknikaria».

Zortzi urteko musika ibilbidean hainbat diskoetxerekin sinatu dituzte kontratuak eta apustu berri batean murgildu dira lan berrian ere. «Oihuka-rekin atera genuen lehen diskoa eta bigarrena, berriz, Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin ikusi zuen argia. Argitaratu berri dugun `Goizalde Surrealistak' aldiz, sortu berria den Brian´s Records diskoetxearekin sinatu dugu», dio gitarra-jotzaileak. Musika industriak bilakaera handia izan du azken urte hauetan guztietan, eta bide horretan musika taldeei ere eragin die zuzenean: «Lehendabiziko diskoa atera genuenean, Oihuka diskoetxeak ordaindu zituen gastu guztiak, eta azken honetan, berriz, guk egin behar izan diogu aurre gure poltsikotik». Diskoetxe aldaketari dagokionez, honakoa dio Koldok: «Kontzertuen kontratazioa Serrano sustatzailearekin egitea pentsatu genuen, eta hauek diskoak kaleratzeko zigilu propioa zutenez, Brian´s Records zigiluarekin kaleratzea erabaki genuen».

Musikalki, anitza

Diskoa aurkezteko egin zuten prentsaurrekoan, orain artean atera duten diskorik «anitzena eta helduena» dela esan dute taldekideek lan berriari buruz. Musikalki garapena izan dela ezin uka daiteke. Izan ere, Surfin Kaos taldearen betiko kantu azkar eta anfetaminiko horiek ezik, lurralde berrietara bidaiatu eta diskoaren azken emaitza aberastu dute.

«Oso anitza da disko berria. Kantu guztiak rock&rollaren eremuan sar daitezkeen arren, musikalki oso eremu ezberdinak ukitzen ditu», zehaztu du Koldok. Bide horretan, hard-rocka («R&R Girl»), blusa («Hautsa bidean»), 60 hamarkadako rock&rolla («Sortu») edo betiko Surfin Kaos («Hello!», «Ispiluen artean») taldearen zigilua duten kantak topatu daitezke diskoak irauten duen berrogei minutuetan. Diskoa kalean dela, zuzeneko emanaldiak dira orain hiruko donostiarraren xede nagusia.

surrealista

«Orokorrean disko osoa nahiko surrealista geratu da. Kantu batzuen izaeratik hasi, diseinu lanekin jarraitu eta hitzetaraino»

ROCK&ROLLA

«Rock & roll-aren alderdi ezberdinak arakatu ditugu, eta bide horretan psikodelia, bluesa, 60 hamarkadako rocka eta hard rocka agertu dira»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo