GARA > Idatzia > Kultura

Eszenak

Suzko lore txikiak

Dorleta URRETABIZKAIA

Aktorea eta idazlea

Garai batean, gaueko iluntasunean leizeetatik ateratzen ziren mamuen erasoen beldurra zela-eta, gizakia Lurrari zuzendu omen zitzaion laguntza eske. Ama lurrak orduan, eguzki-lorea eman zien, mamuek, eguzkia zelakoan, bertatik alde egingo zutela esanez. San Joan gaua gertu dugu eta antzinako sorginkeriekin batera udaberriaren azken eguzki printzak dastatu nahian, motxila soinean hartu eta gori-gorian dagoen antzerki ibilbideari hasiera ematera noa. Sorgin eta sorginkeriez ari naizenez, Senpere hartuko du abiapuntutzat. Izan ere, gaurko egunean, Lapurdi 1609 elkarteak sustaturiko «Iduzkilore» antzezlana estreinatuko baita bertan. Antzezlan honetan, Pierre Delancre inkisidore aski ezagunaren bizitza azalduko digute inguruko hamahiru aktorek, geure memoria kolektiboaren iraupena antzerkiaren bidez segurtatu nahian. Eta sorginen lurralde honetatik, Mariren lurraldera abiatuko naiz, Bilbora, izan ere, Deustuko Fundizioak antolaturiko Txotx Ekainean zikloaren barruan «Sormenerako istripuak» atalean eginiko bi lan ikusteko aukera izango baitugu. Antzerkia laborategiko ikerkuntza prozesu gisa ulertzen duen ziklo honetan bi talde sortu ziren, antzerkiko bat eta dantzako beste bat eta hamabost bat eguneko ikerkuntza lan sakona egin ostean, emaitza ikusterik izango dugu. Gaur eta bihar «Calla y come» eta datorren asteburuan, berriz, «Accidentes».

Bizkaia albo batera utzi eta istripurik ez izateko, eguzki-lorea eskuan hartuaz, Araba aldera abiatuko naiz, joan den ostegunetik aurrera antzerkiarekin hitzordua baitaukat Gasteizen, Kalearte jaialdiaren bosgarren edizioarekin hain zuzen ere. Bertan, Europa osotik etorritako hogeita bost ikuskizun ikusi ahal izango ditugu hiriko kale, plaza eta espazio publikoetan. Eta kale antzerkiaz bapo, kostalderantz abiatuko naiz, hilaren 22an hasiko baita Donostiako XVI. dFERIA. Euskal sortzaileez osaturiko edizio berezi honetan, hamabost ikuskizun izango ditugu hiru egunetan zehar hiriko antzoki nagusietan. Honako ikuskizunak izango ditugu: «Kapzuloa» (Koyame), «Goibel (Golden Apple Quartet & Kanpingags), «Irribarre Irabazlea» (Fingersix), «Magifique. Tchaïkovski suites» (Malandain Ballet Biarritz), «Sisifo.B (Katu Beltz), «Rosas rojas» (La Papa Antzerkia), «Maniátic@s (Organik), «La mujer justa» (Tanttaka), «El viaje de mi padre» (Hika Teatro), «Tenemos que hablar» (Kolectivo Mostrenko), «Otto (Elirale Konpainia), «Urrunetik ametsetan (Ertza), «(Sok)2 (Kukai), «19:30» (K Producciones) eta «La huella (Txalo ).

Eta neure oinen arrastoa jarraituz, Mariren lurraldera itzuliko naiz berriz ere, Bilbora, San Joan egunean hasiko baita Lekuz Leku bideo-dantza mostra. Eta gau iluna iristean, dantzaren eta antzerkiaren magiak sorgindurik, garai bateko gizakiak bezala, eguzkiaren bila abiatuko naiz suzko lore txikia eskuan. Baina ez naiz eguzki erraldoiaren bila joango, gorria, laranja eta horiarekin dantzatzen duen eguzki txikiaren bila baizik, eta, orduan, krisiaren mamu beltzak antzerkiarengandik aldentzeko desioa bihotzean, honen gainetik jauzi egingo dut, urteko gaurik motzena izango den horretan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo