GARA > Idatzia > Kultura

Aipagarriak

Arriaga Antzokiak Jon Miranderen «Haur besoetakoa» irakurriko du ekainaren 16an, 400 ahotsetan

Orain bi urte Axularren «Gero» obrarekin hasita eta iaz Mogelen «Peru Abarka» lanarekin jarraituta, Bilbo Zaharra euskaltegiak abian jarri zuen irakurketa publikoak zuberotarraren lana irakurriko du aurten.

Anartz BILBAO | BILBO

Ekainaren 16an egingo den klasikoaren irakurketa publikoa, «jada klasiko bihurtua dugu» esanda aurkeztu zuen atzo babesle nagusi duen Ipar Kutxako Jokin Gorritik. Berarekin batera zen Ana de Castro, ekimenaren helburuen berri eman ziguna. Bilboko Udaleko zinegotziaren esanetan, «Hizkuntza prestigiatu eta Jon Miranderen lana bera omentzeaz gain, ekimenak euskaraz ikasteko ahalegina egiten ari diren guztiei gorazarre egiteko balioko du, beraiei esker Bilbon gero eta euskal hiztun gehiago baitago, egunero-egunero komunikazio tresna legez euskara baliatzen dutenak».

Ekimena ekainaren 16an (asteazkena) egingo da, goizeko zortzietatik iluntzeko zortzietara. Hamabi orduko irakurketa publikoa beraz, Jon Mirande zuberotarraren «Haur besoetakoa» lan harrigarria oso-osorik irakurtzeko, laurehun lagunen ahapaldietan -euskara ikasle zein kultura, ekonomia, gizarte, kirol eta politika arloko jende ezagun asko-.

Izan ere, «jendearen partaidetzan dago gakoa, egitasmoaren sozializazioan», agertu zuten atzo aurkezpenean. Puntu honetan, ekimenaren ideia eta garapenaren gaineko ardura nagusia duen Bilbo Zaharra euskaltegiko Pedro Alberdik aitortu zuenez, «gehixeago kostatu zitzaigun aurreneko irakurraldian, baina beso zabalik hartzen gaituzte orain, irakurketa publikoa ezagun egin eta onartua dagoen seinale».

Alberdik gogorarazi zigunez, «euskaltegiak euskararen mundura hurbilarazten ditu ikasleak, aldeko giroa sortuz. Eta ikasturte bukaeran, egindako ahalegina saritu eta ikasleen lana txalotxeko, opari bat eskaintzen die: klasikoaren irakurketa», gozamenezko ekintzatzat dutelako. Gainera, irakurketa laguntzeko Zuberoako musika eta dantzak ere izango ditugu honakoan, Mirande zuberotarra zen-eta.

Jendearen oniritzia

Gero eta harrera hobea duen irakurketa publikoak euskal literaturaren historia bizkor bat egin nahi izan du -hiru urtez-, Axularren «Gero» (1643) lanarekin hasi eta Mogelen «Peru Abarka» (1802) obrarekin jarraituta, ia gaur eguneraino etorrita -1954koa da «Haur besoetakoa».

Irakurketa Mirande ezagutu eta lagun izan zuen Txomin Peillenek hasiko du. Euskaltzainak atzo esan zuenez, «irakurketa anitzeko obra da» bere garaian asaldagarri gertatu zen «Haur besoetakoa», «sinbolismoz betea».

JON MIRANDE

Parisera lanera joandako zuberotarren semea, 1925ean jaio eta 1972an hil zen Mirande. Makina bat hizkuntza ezagutzen zituen eta proposamena egin zioten arren, ez zen egin Euskaltzaindiko kide.

«HAUR BESOETAKOA»

Idatzi zuen nobela bakarra, lanik ezagun eta polemikoena du «Haur besoetakoa», lantzen dituen gaien artean intzestua eta suizidioa daudelako, eta 1954an idatzi bazuen ere, 71ra arte ez zen argitaratu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo