Musikaren ustiaketa
Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea
Musikaren industria erraldoietan, edo «multi»etan, tradizionalki hiru hierarkia nagusi izan dira, non anbizioa, antsia, ospea, gloria, ohorea eta gauza materialen baloreak balio duen soilik. Bat: kapitalaren erresuma harro, zarrastatzaile eta zikoitza, diruaren diruz nahierara erabiltzen duena edozer eta edonor. Zer dago, bada, diruaren gainetik, diru gehiago ez bada? Musikaren kapital horrek makina bat artista xelebre sorrarazi ditu, gero haien handinahiak eta apeta likitsenak onartuz eta bultzatuz. Artista horiek euren kirtenkeriekin leloturik utziko dute gizaki arrunta. Bi: gizonezkoen botereak musikan ere eragina izan du eta emakumearen erabilera mugaraino eramanez, horrela emakumea desiraren objektu egin du, baita kontsumoaren objektu ere. Hiru: musikaren ustiaketa hutsa diskoaren eta zuzenekoaren inguruan, diskoen salmenta ez ezik, musika irakurgailuen negozio biribila (platoak, gethoblaster edo irrati-kaseteak, walkmanak, CD irakurgailuak, MP3 irakurle eramangarriak...) eta zuzeneko jaialdi munstroen boterea.
Industria indartsu eta boteretsuak, musikaren lau esparruen jabe: jabego ekonomikoa, jabego intelektuala eta jabego kulturala eta sexuala. Bi hitzetan; jabegoaren jabegoa. Nahiz eta ez den politikaz hitz egin, jabego politiko zuzena izan gabe, jendearen balore aldaketaren eraikuntzan parte hartu du. Musikaren industria «multi»ek, euren estatuekin batera, hainbat fabularekin anestesiatu dute jendea, kearen fikzioa salduz alde guztietan eta artista izatearen ilusio otzan eta faltsuarekin jendea ideien meneko artalde barearen berora erakarriz, kuraia existentzial guztiak ezabatuz. Idoloak sortuz, karismadun artistak eraikiz, artista gurtu eta kultua eskainiz, musikaren industria erraldoi horrek jan gaitu. Baina ez beti, ez baita derrigorrezkoa beharren menpekotasuna izatea kate horretatik libra badaiteke.
Diskoak, zuzenekoak eta musika irakurgailuak salduta dirua erruz metatu dute. Diskoetxe handi horien izenaren azpiko definizioa «multia» da, baina, egun, «musika industria erraldoia» izena egokiagoa da, nahiz eta erraldoia ez den horren erraldoi. Diskoetxeek beti izan dute joera beren katalogo funtsari etekin zabala ateratzeko. Artista eta kantu ezagunak behin eta berriro salduz, euskarri berri bat emanez edo etengabeko bildumak prestatuz. Kantu bera hamaika bider sartuz beste hamaika bildumetan. Abesti beraren betiereko ustiaketa gogaikarria, etekinaren etekina. Mila euskarri, mila bilduma. Politika horrekin idoloen kultua baino ez da kudeatzen. Baina «multi» horiek katalogoaren zerrendari begiratuz engaina gaitzakete. Euskal Herrian antzeko mimetismoa ere bada. Diferentzia, ordea, alimalekoa da. Euskal Herrian ez da hain katalogo erraldoirik eta errepikapenak askoz gehiago gogai gaitzake. Talentu berriei ere ezin zaie lekua kendu.