Karmele Iribar, Iker Azkue eta Iñaki Mondragon | Getaria
Zertan da egungo Balenciaga museoaren egoera?
Hauxe da Getariako ezker abertzaleak Balenciaga museoari buruz egiten duen hausnarketa:
Berresten dugu ezker abertzaleak azken urteetan esandakoa, Getaria bezalako herri txiki batentzat makromuseo hau gehiegizkoa dela:
-Herriaren erdiguneko paisaian eragiten duen inpaktuagatik eta herri-lurren gehiegizko okupazioagatik.
-Izan dezakeen inpaktu sozio kulturalagatik.
Egun museoaren barne egitasmoa gauzatzen ari den arkitekto taldeak ere eraikinaren neurriz kanpoko dimentsioa eta honen zentzugabekeria nabarmendu du (Elkarrizketa DV, 2010-05-09. Toño Foraster eta Victoria Garraga). Ezker abertzaleak urteetan esandakoari arrazoia emanez.
Bideragarritasun plan serio baten faltak, ziurtasunik gabeko etorkizuna iradokitzen du: horrelako egitasmoak defizitarioak diren arren, galera ekonomiko handiak izateko arriskuak handia izaten jarraitzen du.
EAJren zuzendaritza organo desberdinek bultzatu eta politikoki babestu duten proiektua izan da. Nahiz eta, orain, «heredatutako» arazoez hitz egiten duten (M. Jesus Aranburu, Kultura diputatua. -D.V. 2010-05-09-), arazo hauek beraien kudeaketa interesatu eta arduragabeak eragin ditu.
Museoaren eraikuntza, ezker abertzaleak salatu bezala, hasieratik aldaketei eta irregulartasunei lotuta egon da. Honen adibide dira lurren lagapen ilegala, okupatutako lurrak bikoiztu izana, aurrekontua laukoiztu izana 26.500.000 euroraino, kontuen auditoria eza, erakunde publikoen aldetik egitasmoa subrogatu izana inongo bermerik gabe...
Ezker abertzaleak Getariako Udalean nahiz Aldundian egindako hainbat salaketa eta eskariri muzin egin diote administrazio horietako arduradun politiko jeltzaleek. Askotan gainera, ezikusiarena egiteaz gain, beharrezkoak ziren arau aldaketak bultzatuz herriko arau ordezkatzaileetan, esaterako, edota Berroeta-Aldamar sortuz...
Maria Jesus Aranburuk dio (DV, 2010-05-09) ardura judizialak argitzeko konpromiso osoa dutela erakunde publikoek. Herri kontuen euskal epaitegiak, aldiz, hemen ere ezker abertzaleari arrazoia emanez, erakunde publikoek hutsegite larria izan zutela inbertsio publikoaren kontrolean (2010eko apirilean argitaratutako txostena).
Ezker abertzaleak urteetan esandakoari arrazoia emanaz Eusko Legebiltzarrak 2008ko abenduan aho batez onartutako txostenak ardura politikoak zehaztu zituen Jaurlaritza, Diputazio eta Getariako Udalaren artean. Gaur da eguna, ordea, orduko EAJko agintari guztien artetik inork ere ez duela onartu inolako erantzukizunik eta inori ere ez diola ondorio pertsonalik ekarri. Esandakoari eutsiz, auzi honetako arduradun nagusiak beraiek direla berresten dugu.