Julen MURGOITIO
Lepotik lepora!
Ur lohiak ikusi ditugu oldean egunotan gainezka zeuden erreketatik. Eta errekatik kanpo ere, gaur gaurkoz bide gehiago hartzen baititu euri-urak errekenak baino. Ur lohiak edonon, lohia hodeietatik jausten ez bada ere. Bai, errekak lepo egon dira euren ur uherretan. Eta holakoetan Arantzazu datorkit burura; ez dakit zergatik baina euri-jasak hango behatokiarekin lotzen ditut, ustekabean. Beharbada, frantziskotar edadetuak lepoan lepokoa ipinita begitantzen ohi ditudalako izan daiteke. Tira, uholdeen biharamunekoaz nengoela horra! Elizan ere ur lohiak agerian!. Getsemani etorri zait segituan burura. Gizajoa, zenbat potxingo ez ote zituen aurkituko ortuan! Harira demontre! Boloniakoa baliatuz Teologia graduan Hidrologia irakasgai legez sartu behar duten seinale; badakizu, Erromako Antizikloia. Amen. Total, itxura batean Gipuzkoako Elizaren barruan ez da batere ondo ikusia baselizak defendatzen dituen kristaua, eta kristaurik kristau pandemia zabaldu eta azkenean kristorena suertatu ez dadin desterru bidean gura ei dute ipini jende hori, erbeste bidean. Baina zera galdetzen dut nik, kristauterian erroldatuta ez banago ere, ze anaitasun eta anaitasun ostea da Eliza horrena bere ardi beltzak erbesteko artaldeak kutsatzera bialtzen dituena? Amen izango da erantzuna, omen. Total ere, foru aldundiek seguru ondo hartu dutela nota hurrengo euri-jasek ur-olderik sortu ez diezaieten: euria ur bihurtzen den unean bera desterratu, uholdeak beste nonbait sortze aldera. Zementu-trafikatzaileek kexuz hartu dute susmoa, ez baitute argi ikusten desterru horretan lanik izango ote duten.
Ama, ama, hamaika ikusteko gara! Hamaika telebistaz nago orain. Tira, aldatu nadin kontuaz. Gero eta gutxiago ulertzen dut nik politika zer hori. Krisian izanda ere tematu egiten dira era askotako azpiegiturak egiten, aireportuak barne, baina uko egiten diote, setatsu egin ere, lurreratze pistak egiteari. Eta azken honetan behintzat bat nator ukoarekin, azken finean lurrean denak ez du zertan lurra hartu. Bai, beldurra igartzen zaie, Kantaurialdean ohiko ez diren tsunamiak izan daitezkeelako, politikan iragartzen den klimax aldaketaren ondorioz. Batzuen geroa beltzagoa izan daiteke Urdaibaiko museo transgeniko harena baino. Eta hori gutxi balitz, Hegoafrikan gorria gualda hasi da berdean, krisia areagotuz. Amen.