GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Beñi Agirre Euskara irakaslea

Nahi izate ez da nahikoa!

 

Baieztapen xalo eta sinpleegiak eginez agertzen dute batzuek euren independentziarako gogoa: libre izan nahi dugu eta kito, bost axola guri historiak; nahi izatea nahikoa da estatua sortzeko, ipar amerikarrek egin zuten bezalaxe. Sinpletasun horretan, arrazoia dute noski.

Denok dakigu Ameriketako Estatu Batuetakoek aurretik inolako batasun arrastorik izan gabe aldarrikatu zutela independentzia 1776ko uztailaren 4an; hau da, ingeles, irlandar, italiar eta espainolen biloba ziren haiek, autoktono batzuekin batera, aitona-amonen metropoliari askatasuna irabazi zietela. Sinpleegia iruditzen zait, ordea, esatea autoafirmazio ekintza hura nahi izatean soilik zegoela oinarrituta.

Nahi izate horrek, beste hamaika arrazoi zela medio, behar izatetik gehiago zuela iruditzen zait. Are gehiago, esango nuke kasu horretan behintzat, nahi izatea bera beharrak sortu zuela. Beharra zertarako? Kolonoek jasaten ari ziren bidegabeko tratua gainetik kentzeko eta metropolira bidaltzen ziren aberastasun materiala eta zerga bidezko dirua euren kontra erabiltzea saihesteko, besteak beste.

Gurea ez da oso desberdina, gure herria zatitzen duten metropoliak berberak baitira. Indar okupatzaileen jarrerak berberak dira eta ondorioak ere bai. Ipar Ameriketako Independentzia Gerra hartan, bertakoen eta bertakotuen nahiaz gain, nazioarteko interes korapilatsuek zeresan erabakigarria izan zuten. Frantziaren eta Espainiaren armadak Ingalaterraren kontra aritu izanak erabaki zuen hein handi batean gaur egun Ameriketako Estatu Batuak munduaren aurrean estatu bakar gisa azaldu ahal izatea.

Gaur eta gure mundu honetan, ordea, gauzak ez dira parekoak. Zalantzarik gabe, nahia badugu, beharra ere bai eta ondo antolatuz gero, gaitasuna ere bai, baina, laguntzaile nahiko eta derrigor behar diren gainerako faktoreen aldekotasuna ote dugun ikusteko dago. Eta honetan guztian zer ekarpen egiten digu historiak? Historiak ezagutza ematen digu.

Zertarako pentsatzen duzue zuek Pep Guardiolak orduak eta orduak ematen dituela teknikoekin hitz egiten eta aurkariaren indarguneak aurkitzeko bideoak ikusten partida jokatu aurretik? Nahi izatea ez da nahikoa. Zer nahi den jakitea eta horretarako ekipoa oso ondo prestatzea ezinbesteko baldintzak dira sei titulu irabazteko, eta independentzia eskuratzeko ere bai.

Uste oso zabalduaren kontrakoa bada ere, bada esaera zahar bat esandakoa ulertzen laguntzen duena: «Nondik gatozen jakiteko, nora goazen jakin behar». Ez, ez da oker kopiatutakoa. Oso argi jakin behar da nora joan nahi dugun, estrategia prestatzeko non begiratu behar dugun jakiteko; eta historiak ematen du horretarako pistarik. Beraz, argitu dezagun nora goazen, zer nahi dugun; nondik gatozen argitu ahal izateko. Utz diezaiogun aurkariek bere neurrira idatzitako istorioei begiratzeari eta errepara diezaiegun gure nahia sorrarazten duten arrazoiei: arrazoi ekonomikoei ez ezik, ohiturei, identitateari, hizkuntzari eta historiak erakusten digunari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo