ESKOLAK EUSKALDUNDU
Lakuako eta Iruñeko Hezkuntza sailek euskara gutxiesten dutela salatu dute
Eskolak Euskaldundu herri ekimenak Lakuako eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza sailek Lan Eskaintza Publikoetarako azterketetan euskara gutxiesten dutela salatu zuen. Izan ere, Lanbide Heziketako eta Bigarren Hezkuntzako oposaketak egin zituzten atzo Barakaldoko BECen eta Iruñean, eta euskaldunen hizkuntza eskubideak errespetatzeko beharrezkoak diren gutxienekoak bazterrean geratu direla adierazi zuten. Azterketak egitera joan zirenei eskuorriak banatu zizkieten eta Iruñeko La Granja ikastetxeak ateak ireki zituenean eredu euskalduna aldarrikatzen zuen pankarta bat zabaldu zuten ikastetxearen atarian. Azaldu zutenez, «irakasle erdaldun elebakar berriak sortuko dituzten» lan eskaintza publikoak izan ziren, irakasle gehienei ez baitzitzaien euskarazko ezagupen nahikorik eskatu. Are gehiago, hainbat lanpostutan euskara ezagutzeko derrigortasunik ere ez zela izango adierazi zuten.