Auzipetutako hemezortzi gazteen alde, 3.000 lagun atera dira kalera Donostian
Deialdia anitza zen, 123 eragile batu zituelako, eta parte hartzea are anitzagoa suertatu zen. Ia 3.000 lagunek sostengua eman zieten atzo Donostian ekainaren 28tik aurrera epaituko dituzten hemezortzi gazteei.
R.S. | DONOSTIA
Errepresioaren aurkako harresia eraiki behar dela denon ahotan dago azken hilabeteotan, eta irizpide hori gauzatu zen atzo Donostian. Alderdi politiko, sindikatu eta gizarte talde askok eman zioten babesa ekimenari (taldeei dagokienez, 123 atxikimendu batu ziren azkenik) eta jende ugari atera zen kalera horiei jarraiki, 3.000 lagun inguru.
Helburu nagusia ekainaren 28tik aurrera Auzitegi Nazionalean epaituko dituzten hemezortzi gazteei elkartasuna adieraztea zen, baina askoz harata- gokoa ere bazen. Pankarta nagusiak laburbiltzen zituen mezuak: «Proiektu politiko guztien alde, inkomunikaziorik ez, ilegalizaziorik ez».
Epaiketaren tamaina handia izanik ere, hau ez dela kontu isolatua nabarmendu zuen hitza hartu zuen auzipetuetako batek. Beraien aurkako epaiketaren ondoren, Udalbiltzaren kontrakoa etorriko dela gogorarazi zuen, bai eta gero gazteen aurkako beste hainbat epaiketa ere. Hori dela eta, harresi hori eraiki beharra dagoela nabarmendu zuen, eta horretarako adostasuna bilatu behar dela aipatu zuen, atzoko ekimenak lortu duen bezalaxe.
Ekimen honen alde bildu diren eragile guztien izenean Iratxe Retolazak hartu zuen hitza. Aldarrikapen guztiak bitzen ditu irakurri zuen adostutako agiriak: «Epaiketa hau errepresio eta eraso testuinguru orokor batean kokatu behar dugu, proiektu politiko guztiak bideragarri egiten ez dituen errepresio testuinguru batean. Gazte independentisten lana eragozteko eta zigortzeko neurri bereziak erabiltzen dira Auzitegi Nazionalean -esan zuen-: lehenik, proiektu politikoak eta lan politikoa kriminalizatu egiten dituzte, erakunde politikoak legez kanpokoak deklaratuz. Kasu konkretu honetan, Segi erakundea legez kanpo utziz. Bigarrenik, lan politikoa egiten duten pertsonak atxilotu eta inkomunikatzen dituzte, tortura eta tratu txarren bitartez autoinkulpazioak lortzeko asmoz -erantsi zuen-. Eta hirugarrenik, atxilotuak auzipetzen dituzte lan politikoa egin duten pertsona hauek zigortzeko eta, bide batez, independentziaren aldeko proiektu politikoa urratzeko».
Aulkitxoan eseri beharra duten gazteak manifestazioaren buruan zihoazen, ohiko elastiko gorriekin eta independentziaren aldeko leloak erakutsiz. Haien izenean hitz egin zuen lagunak ez zituen Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideak ahaztu; haiek kartzelatu zituztenean presoek eman zieten laguntza nabarmendu zuen.
Zortzi urteko espetxe zigorra eskatu dute hamazortzi gazte horietako bakoitzarentzat. Bi aste iraungo ditu epaiketak.
Epaiketa gaitzesteaz gain, ilegalizazioen aurkako eta proiektu guztien zilegitasunaren aldeko ekimen honek atxikimendu asko jaso ditu: alderdi, sindikatu, gizarte taldeena... Orotara, 123 eragile batu ditu.