Milaka lagunek Vicente Ferrer goraipatu dute bere heriotzaren urteurrenean
Zortzi mila pertsona inguru elkartu ziren atzo goizean Indiako hegoaldeko Anantapur herrian, Vicente Ferrer kooperante katalanaren heriotzaren lehen urteurreneko ekitaldietan esku hartzeko.
EFE | ANANTAPUR
Vicente Ferrer Fundazioak jakinarazi duenez, herriko agintarien ordezkariak, kooperantearen familiakoak eta Fundazioko buruak elkartu ziren atzoko ekitaldietan, Ferrer-en lana ondoen ezagutu zuten herrietako biztanleekin batera. Horien artean ehunka ume ere bazeuden, Fundazioak berrogei urte egin baititu haurrekin lanean.
Ekitaldia 9.15ean hasi zen, kooperantea ehortzi zuten lekuan. Bertan zen Annan Ferrer alarguna. Hinduen errituetan oinarritutako ekitaldian, ume batzuek lore sorta bat, intsentsua eta alkanforra eskaini zituzten. Hinduismoak, islamak eta kristautasunak tokia izan zuten ekitaldietan, hain zuzen, eskualdean presentzia duten hiru erlijio horietako testu batzuk irakurri zituzten, telugu eta urdu hizkuntzetan.
Ferrerrek berak idatzitako «Errealitatearekin topo egitean» izenburuko liburuko zati batzuk ere irakurri ziren, ingelesez, espainolez eta katalanez, hiru hizkuntza horiek baitziren «Vicente Ferrerren bizitzakoak», alargunak adierazi duenez.
Anna Ferrerrek berak zuzentzen du egun Fundazioa. Berari egokitu zitzaion kooperante zenaren lana goraipatzea. «Omenaldirik onena berak egindako lanarekin jarraitzea izango da», nabarmendu zuen.
Vicente Ferrer aitzindari izan zen garapen proiektuak prestatzen. Lan horri esker makina bat sari jaso zituen bizirik zela, eta hilondoko 2010eko Bakearen Nobel Saria jaso lezake, izendatuta baitago.
Vicente Ferrer Fundazioak Indiako hegoaldeko Andhra estatuan egiten du lan. Anantapureko barrutian 2,5 milioi biztanleri ematen die laguntza.
Anantapureko kale batean Ferreren omenez egindako estatua bat jarriko dute uztailean.