MUNDUKO KOPA E Multzoa
Joko tristea, bihotza alai
Bere xarma berreskuratu beharrean, sailkapenerako balio duen eraginkortasuna aurkitu du Holandak.
HOLANDA 1
JAPONIA 0
GARA | DURBAN
Garai berriek forma berriak dakartzatelako, txikiek partidak nola trabatu ikasi dutelako, jokalariak akituta heltzen direlako denboraldi amaierara... Nahi adina arrazoi aurki daitezke, baina ez dute emaitza aldatuko: txapelketa honetan parte hartzen ari den Holanda ez da zaleak liluratu ohi dituena. 180 minutu jokatu dituzte jada oranjek eta ez dute beren xarma aurkitu.
Bai, ostera, eraginkortasuna. Emaitzetan neurtzen den bertutea. Eta, beharbada, talde europarrari hainbestetan falta izan zaiona. Futbolaren erromantikoek sakrilegiotzat har dezakete, baina joko alai eta irudimentsuak arrakastaren atarian -edo are urrunago- utzi ditu holandarrak behin eta berriro honelako hitzorduetan; Hegoafrikan aritu den bertsio aspergarriak, berriz, bi garaipen ospatu ditu.
Bigarrena, atzo, aurreko partidan Kamerun menderatu zuen Japoniaren aurka. Ustekabetik gertu ibili ziren, oraingoan ere, Takeshi Okadaren gizonak, gauzatutako amaraunean itsatsita geratu baitziren beren aurkariak. Eltxoarena egitea saihestea lortu zuen, halere, Holandak, arnasa berreskuratzeko zulotxoa aurkituz. Bigarren zatia hasi bezain laster, Sneijderrek baloiari dotore jo eta, Kawashimaren nolabaiteko laguntzarekin, garaipena eman zien gola lortu zuen.
Zoritxarrez, ez zen nahikoa izan neurketa libratzeko. Oranje-k lasaitasunez amaitzeko eta beren aurkariek erabakigarria izan zitekeen puntua salbatzeko, biek nahi zuten markagailua berriro martxan jartzea, baina buruak eta hankak lerdotuta zeunden. Holandak, garaipena patrikan zuela, ez zuen deitoratu; Japoniak eta ikusleek, bai.
1
0