GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Xala, horrela, oso arriskutsua da

 

p052_f02_141x100.jpg

Jokin ETXANIZ ASPEko arduraduna

Hasiera batean bestelako itxura eman dezakeen arren, final gogor baten aurrean egon gaitezkeela iruditzen zait, biak oso ondo ibiltzen baitira tantoa bukatzen, oso konpletoak dira eta defentsan oso ondo moldatzen dira. Pronostikoak Irujoren alde irtengo dira nabarmen eta, agian, ulergarria izan daiteke, Juanek beste abiadura bat ematen diolako pilotari, baina Xala sikikoki eta gorputzez oso ondo dago, konfiantzaz, eta horrela dagoenean oso arriskutsua da. Badauzka bere armak partida irabazteko.

Fisikoki lan polita egiten ari da Tolosan Justo Lillorekin. Txapel bat irabazteak konfiantza ematen du, baita ondo jokatzeak ere eta dezenteko bolada darama oso maila politean. Lehen ere momentu batzuk izaten zituen oso onak, baina gero behera egiten zuen derrepente, gorabehera askorekin. Oraingoz nolabaiteko egonkortasun bat lortu du, denbora dezente darama oso erregularra izaten eta aprobetxatu egin beharko dugu eta berarekin gozatu.

Ogeta frontoi honetan ez da erraza izaten partida luzea eta borrokatua irtetea, oso exijentea da. Frontoi guztietan bezala eta buruz buru gertatzen den bezala, errestatzen dabilenari egingo dio kalte. Oso pisutsua da atzetik jokatzeko, pilotak karga handia hartzen du eta gogorra izaten da defendatzea, baina biak airez ondo defendatzen dute eta horregatik daukat esperantza partida gogorra ikusiko dugula.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo