GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA «Artalde» film laburraren filmatzea

Hirian, nora ezean, bi hankako ardiak mendiko belardien bila

Asier Altuna buru belarri dabil «Artalde» prestatzen, iraila inguruan aurkeztuko duen film laburra. Lana filmatzeko, zuzendariak hiritarren kolaborazioa izan du, larre berdearen bila, Bilbon galduta dabiltzan ardien papera egiteko. Filmaketa ostiralean hasi zen eta gaur amaituko da, beraz, bere burua pantaila handian ikusi nahi duena garaiz dabil oraindik ere.

p058_f01_199x120.jpg

O. LARRETXEA

Ez da Asier Altunak animalia eta gizakiaren arteko jolasa erabili duen lehen aldia filmeko mezua helarazteko. «Topeka»-n, 2002. urtean egin zuen film laburrean, herriko plazan bi ahari elkarri topeka ageri dira. Hasieran, lehiaren inguruan biltzen diren herritarrak, besterik gabe, ikuskizunari so daude. Baina egoerak berehala emango du 180 graduko bira. Ordura arte aharien arteko borroka ikusten zeuden lagunak hasiko dira elkarri topeka. «Artalde» lanean ere antzeko zerbait prestatzen ari da Bergarako zuzendaria. Pertsonak animaliatzat hartzea edo hauek animaliak bailiran jokatzea «esperimentua» dela zioen Altunak: «`Topekan' ere ageri da paper aldaketa hori, eta hemen ere jolasa dago, gizakiz osaturiko `artalde' bat artzainari segika agertzen delako. Baina nire film laburra, azken finean, proposamena besterik ez da, hau da, gero nork bere irakurketa egin beharko duelako, ikusleak irakurketa propioa sortuko duelako». Funtsean dagoen ideia «sinplea» dela adierazi du, «diskurtso konplexurik gabea». «Nik istorioa egiten dut, baina hortik etortzen dena norberaren sormena da».

«Artalde»-n naturaren eta hiriaren arteko harremana agerian gelditzen dela zioen bergararrak, «artzainaren helburua artaldea mendira eramatea delako», baina «hori ere jolasa da, jolasean ari garelako».

Pako Sagarzazuk egiten du lan honetan artzainaren papera, eta ardiena hiritar anonimoek, hau da, boluntario gisa euren burua eskaini dutenek. Artzainak artaldea galdu du Bilbon, eta inguruko hiritarrei deika hasiko da. Poliki-poliki artalde handi bat osatuko du, hau hiritik atera eta larrera eramateko.

«3, 2... filmatzen!»

Ostiralean, Abando plazan egin ziren filmatze lanak, eta Bilboko Kafe Antzoki inguruetan jarraitu zuten atzo. Arbolantxa kalean 50 lagun inguru bildu ziren, kamera aurrean jartzeko prest. Deialdia lagunei eta zinema munduko lankideei zabaldu zaie. Ezezagunak erakartzeko, berriz, Facebook eta Twitter sare sozialak oso baliagarriak suertatu zaizkie, kolpe bakarraz deialdi zabala egiten delako. Batzuek ez zuten lehendabiziko aldia, Tahira Carter karibetarrak, kasu. Grenada uharteko emakume hau aktorea da eta han egin du film bat edo beste. Atzokoa «bizipen polita» eta «ezberdina» izango zelakoan zegoen, ezbairik gabe, «bi zinemak alderatzeko aukera ona» izan zitekeelako. Beste askorentzat, ordea, gauza ezezaguna zen kameraren aurrean jarri, klaketaren hotsa entzun eta antzezten hastea. Leire leioarrak zinema mundua «izugarri» gustuko du, eta egunen batean aktore izango delakoan, edo zuzendari agian, zazpigarren arte deiturikoaren fabrika bertatik bertara ezagutzeko hartu zuen parte film labur honetan. Azken hauen ahoetan behin eta berriz entzuten zen galdera bera: «Zer egin beharko dugu?». Telmo Esnalek eman zituen azalpenak: «Oso sinplea da, zuek aurrera eta atzera ibiliko zarete. Jarraitu ezazue Pako Sagarzazu».

Altunak azaldutakoaren arabera, filmean ez dago elkarrizketarik, ezta garapen handirik ere: «Oso bisuala da». Irudiekin batera, soinu jakin batzuk berebiziko garrantzia dutela aipatu zuen: «Film labur hau egiteko gehien erakartzen ninduena onomatopeien alderdia zen: ardiak nola aritzen diren, edo artzain-txakurren lehiaketetan nola dei egiten dieten txakurrei... Onomatopeia ugari agertzen dira. Mundu horretan pixka bat ikertuta, ohartzen zara artzain askok antzeko oihuak erabiltzen dituztela». Ildo horretatik, hausnarketa zabalago bat egiten ari dela azaldu zuen, eta «Artalde» beraz, ikerketa horren «zati bat» dela.

Filmaketa lanak gaur amaituko dira. 10.00etatik 13.00etara Poza Lizentziatua eta Bertendona kaleen bidegurutzean arituko dira. Nahi duen orok badu parte hartzeko azken aukera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo