GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Futbolari ezezagunak

Txiki-txikitatik pilota hanketan zuela jolasten omen zen bere lehengusu eta auzoko beste haurrekin batera. Futbola jan du eta futbolerako jan izan du betidanik. Pasioz bizi du egun kirola, 22 urterekin, eta horregatik eskaintzen dizkio gorputza, burua eta bihotza.

Horregatik, hain zuzen ere, ez zuen erreparorik izan, bere herrian ez zituen aukerak aurkitzeko, bere jaioterri eta familia utzi eta Europarako bidea hartzeko. Kosta egin omen zitzaion herrialde berrira egokitzen, baina urteen joanean, egindako esfortzuaren fruituak jasotzen ari da pixkanaka; adituek aintzat dute aurrelari honen abilezia eta esfortzua. Pele futbolari handiak ere esana omen du jokalari «harrigarria» dela eta berak laudorio horiek harro eta sari modura jasotzen ditu, nola bestela?

Futbol zelaian espresatzen da bera ondoen eta ez ditu elkarrizketa asko egin komunikabideetan, orain arte behintzat, baina horietako batean, bederen, esana du jokalari kuttun eta eredu izan dituela Ronaldo, Romario eta Robinho brasildarrak, herrikideak, alegia. Haien gisara, maite duen kirolagatik egindako penitentzia eta esfortzuak tarteko, eredu litzateke futbolean jokatzen hasi berri diren haur guztientzat. Litzateke diot, izan izateko zailtasunak baititu.

Besteak beste, ez dabil Hego Afrikan une honetan, futbolaren erakusleiho handi eta entzutetsuan. Lesiorik ezean, ordea, datorren urtean izango da Alemanian, baina orduan ia oharkabean pasatuko da, seguruenik, futbolzale guztientzat. Futbol txapelketaren promoziorako ateratako kamisetak iragartzeko ere ez dute bera aukeratu, inork baino hobeto eramaten jakin arren. Zergatik? Gisa horretako ekimenetan, besteak beste -nahiago beste arrazoiak aipatu gabe uztea-, honako ala halakoren bikote izateak baitu balioa batez ere.

Dagoeneko bateren bat konturatuta dago futbol jokalari honek baduela handicapen bat. Zer edo zer izan behar du, ezta? Nola ulertu gainerakoan hiru aldiz Munduko Jokalari Onenaren saria jaso duen pertsona apenas ezagutzea? Azalpen bakarra bere izenean bertan du inskribatuta: Marta Vieira Da Silva jarri zioten jaio zenean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo