GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Patxi Arrosagarai, J. Javier Iturralde eta Nekane Perez Orreaga Fundazioaren izenean

Euskara, sanferminetan ezkutatua

Aurten ere euskara eta euskal kultura ezkutatuta, zokoratuta mantenduko du Iruñeko Udalak, beste mota bateko ekitaldiak lehenesten diren bitartean. Euskaldunok, euskara maite dugun iruindarrok eta nafarrok gutxietsiak izanen gara, hirigunetik, jai eremutik kanpora joatera behartuak

Iragan maiatzaren 21ean, Iruñeko Udalbatzan Sanfermin Euskalduna ekimenaren hiru puntuko proposamena eztabaidatu zen, aurreko urtean bezala: Euskal ekitaldien txokoa, Euskal Musikarena alegia, San Frantzisko plazara edo antzeko batera eramatea, hiriaren eta festaren bihotzetik hurbilago izateko; festaren beste agertokietan euskarazko ekitaldiak ere izatea; eta joan den urtean onartu bezala, euskararen erabilera eta presentzia bermatzea ekitaldi eta harrera ofizialetan. Udalbatzara eraman aurretik, eskakizun hauek Kulturako zinegotziari (UPNkoa) aurkeztu zitzaizkion, ondorio positiborik lortu gabe, eta gero NaBai-ko, PSNko eta EAE-ANVko ordezkariei eskatu zitzaien gure hiru puntu hauek Udal bilkurara eramateko eta haien alde bozkatzeko. NaBaik eta EAE-ANVk hala egin zuten. EAE-ANVk egin premiazko izapideari udal gehiengoak ezetza eman zion eta NaBaik aurkezturikoa eztabaidatu zen. Orreaga Fundazioak, Sanfermin Euskalduna ekimenaren partaideak, han emandako argudio batzuei erantzun nahi die:

Kulturako zinegotziak behin eta berriz aitzakiak erabiltzen ditu zenbait argudio ez onartzeko, finean borondate kontua den planteamenduari aurre egiteko, borondatea edo jarrera irekia, besterik ez. Borondatea Udalaren beraren euskararen ordenantzak betetzeko, adibidez sanferminetako ekitaldi eta harrera ofizialetan euskara erabiltzeko, hainbat agertokiren errotulazioa elebiduna eta bi hizkuntzen arteko presentzia berdintsua izateko. Borondate kontua da beste agertokietan ere euskarazko rock taldeak, orkestrak edo kantariak kontratatzea, euskararen errealitatea beste agertokietan tartekatuz. Borondate kontua da haurrentzako monitore euskaldunak badirela publiko egin eta nabarmentzea, baita beste zerbitzuetan langile euskaldunak kontratatu eta nabarmentzea ere, jendeak jakin dezan.

Euskal Txokoa edo Euskal Musika izeneko agertokia lekualdatzea borondate kontua da, beti festaren periferian egon baita, eta Media Lunatik Taconerara baino ez dute aldatu. Ez diegu erantzungo esandako gauza guztiei, edo Taconerako agertokia Media Lunakoa baino hobea den eztabaidatuko. Hain ona balitz, beste agertokiekin txandakatu liteke, urte batean gazteen erromeria horra eramanez, beste batean jota emanaldiak, beste batean Foruen plazakoa edo Jazzfermin, eta Euskal Musika haien tokietara eraman.

Gauzak sinpleagoak dira, eta Udalak berak azaldu ditu Euskal Musika agertokia San Frantzisko plazara lekualdatzeko eskakizunaren arrazoiak, Jazzfermin Compañia plazatik Burgoen plazara aldatuta: besteak beste, Jazzfermin festaren gunera hurbiltzea, alegia. Arraro egiten da ikustea argudio berberek balio dutela kasu batean, eta bestean, ordea, ez direla kontuan izaten.

Euskal Musikaren kasuan, ekitaldi batzuk eguerdian izaten direnez, beste bat arratsaldean eta lau gauerdian, Jazzfermin agertokiarekin -gauerdian lau ekitaldi ditu- edo beste agertokiren batekin konpartitu daitezke, azpiegitura gastuak handitu gabe.

Argi dago UPNk edo bere Kulturako zinegotziak erabakitzen dutela bere gustuko proposamenen artean, eta behin eta berriz aipatzen den programazio mahaia ez dela erabakigarria, kontsultarakoa baizik. Hor egiten dira proposamenak eta Kulturako zinegotziak onartzen ditu edo ez; hala gertatu da hainbat proposamenekin, adibidez, haurrentzako ekitaldi gehiago euskaraz izatea edo Foruen plazarako kontratatzen diren taldeetako batzuk euskaldunak izatea. Baita Nafarroako Dantzen Federazioaren proposamenarekin ere. Kasualitatez, gehienak euskara eta euskal kulturarekin zerikusia dute.

Benetako borondatea edo jarrera da PSNren udal taldearen hutsa ere. Hitz ederrak euskararen alde, baina ekintza gutxi sanferminetarako proposamen hauekin; irizpidearekin ados badaude, aski zuten alde bozkatzea, abstentziora jo gabe, hurrengo jai egitaraua egiterakoan kontuan har dezaten. Gure partetik, Udalbatza horretan PSNko zinegotziak esandako funsgabeko akusazio batzuk alde batera uzteko ahalegina eginez, PSNko udal taldeari zera esan nahi diogu, egiaz «euskararen defentsa» gure hirian errespetatu eta «euskara propiotzat» hartzen badute, ez dela ulertzen haien botoa, etorkizuneko programazioan hobekuntza batera irekiak daudela esaten baitute, baita «Iruñeko eta Nafarroako kulturaren promozioa arrazoizkotzat jotzen» dutela eta «haietan euskarak eskubide propioz tokia» duela ere.

Ez dute iaz eta aurten onarturiko puntua -ziurtatzea euskararen erabilera ekitaldi eta harrera ofizialetan- UPNri betearazteko borondaterik agertu, ezta Taconerako gunea euskara eta euskal kultura ikusgarri egiteko eta hiritarrak bertara joateko egokiena ez dela ulertzeko ere, eta lehen UPNri esandakoa errepikatzen diogu: Taconera gunea hain ona bada, urtero txandaka dezatela beste ekitaldiekin.

Ekainaren 7an aurkeztu zuten sanferminetako jai egitaraua, eta aurten ere euskara eta euskal kultura ezkutatuta, zokoratuta mantenduko du Iruñeko Udalak, beste mota bateko ekitaldiak lehenetsita. Euskaldunok, euskara maite dugun iruindarrok eta nafarrok gutxietsiak izanen gara, hirigunetik, jai eremutik kanpora joatera behartuak.

Hala ere, hainbat elkarte eta herritarrekin batera, Orreaga Fundazioak hurrengo urtean Sanfermin Euskalduna ekimenaren eskakizunak mantenduko ditu eta gure hizkuntza eta kulturaren alde lanean jarraituko du. Era berean, Iruñeko herritarrak eta gainerako euskaldunak, festa bizi dutenak eta festa biziak egiten dituztenak jaietan euskaraz bizi dezatela dei egiten diegu, eta euskal ohiturak eta kultura inoiz baino ageriagoak izateko karriketan, ostatuetan eta peñetan, bai kantuetan, bai ostatuetako musiketan, eta bereziki gure ahoetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo