GARA > Idatzia > Euskal Herria

51 eragilek Udalbiltzaren auzia salatu dute manifestu baten bidez

Udalbiltzako auzipetuei babesa eta elkartasuna eskaintzeko manifestu adostua ezagutzera eman zuten erakundearen aldeko eragileek. Testua sinatu zuten 52 eragileak kultura, gizarte eta sindikalgintza arlokoak dira. Manifestu honen bidez jakinarazi nahi izan zuten Udalbiltzaren alde ahal dutena egingo dutela Euskal Herriko talde ugarik. Orain arte bezala, hainbat ekimen egiten jarraituko dute herrietan, asteburuetako elkarretaratzeak adibidez.

p010_f01_111x111.jpg

Nagore BELASTEGI

Kultura, gizarte eta sindikalgintzako Euskal Herriko 50 eragile baino gehiagok Udalbiltzari babesa emateko manifestu bat sinatu zuten. Bertan, erakundeari babesa eta elkartasuna emango diotela adostu zuten, «legitimitate osoa» duelako. Udalbiltzaren auziaren kontra daudela argi utzi zuten eta bertan behera uzteko eskatu zuten.

Datorren uztailaren 15ean hasiko da erakunde nazionalaren kontrako auzia; horregatik, 51 kultura eta gizarte eragilek eta eragile sindikalek Udalbiltzaren aldeko testua ezagutzera eman zuten atzo. Manifestuak dioenaren arabera, hastear dagoen epaiketa «bidegabekeria» da eta zazpi urte hauetan gorpuztuz joan diren elkartasun eta salaketa dinamikek erakusten dute Udalbiltzaren auziaren kontra dagoela gero eta jende gehiago.

Testua izenpetzen dutenek argi utzi zuten Udalbiltzari legitimitate osoa aitortzen diotela, herritarrek demokratikoki aukeratutako hautetsien erabakiz osatutako nazio-instituzio bat delako. Udalbiltzak bultzatutako proiektuak gizarteak babesten dituela nabarmendu zuten.

Iparra Hegoa Fundazioaren ordezkariak, Pazis Garciak, eta Bai Euskal Herriari ekimeneko ordezkariak, Mikel Luluagak irakurri zuten atzo manifestua. Haren bidez, legearen «erabilera makurra» salatzen dutela eta epaiketa bertan behera uzteko eskatzen dutela esan zuten Garciak eta Luluagak, izan ere, kultura, hizkuntza, gizarte, kirol, hezkuntza eta ekonomia esparruetan ohikoak diren ekimenak kriminalizatzea «antidemokratikoa» da.

Horrez gain, manifestua sinatu duten eragileek izaera berdineko egitasmoak bideratzen dituztenez, Udalbiltzaren epaiketak «indefentsio juridikoan» uzten dituela adierazi zuten aurkeztutako testuaren bitartez.

Arlo ugaritako eragileak

Eragileek Udalbiltzaren epaiketa salatzeko eta horren gainean informazioa banatzeko konpromisoa hartu zuten. Era berean, 22 auzipetuei babesa eta elkartasuna eskaintzeko deialdia egin nahi izan zioten euskal gizarteari.

Oraingoz manifestua sinatu duten eragileak 51 dira, baina gero eta gehiago dira Udalbiltzari babesa eskaini nahi dieten taldeak. Manifestuarekin bat egin dezakete erakundearen epaiketaren aurka dauden eta egoera salatu nahi duten kultura edo gizarte arloko eragileek, baita sindikalek ere.

Udalbiltzaren alde antolatutako ekimenak aipatzen dituzte testuan, hala nola nazioarteko instantzietan epaiketa salatzeko egin zen sinadura bilketa, 2008an EAJ, EHAK, EA eta EB alderdiek onartu zuten legez besteko proposamena, nazioarteko hainbat herrialdetatik jasotako elkartasun adierazpena eta martxoan Conseu eta Udalbiltzak gorpuztutako manifestua.

Eragileak

27 gizarte mugimenduk, sindikalgintza arloko sei eragilek, gazteria arloko hiruk, kirol arloko beste hiruk, hizkuntza arloko zazpik eta hezkuntza arloko seik sinatu zuten Udalbiltzaren auziaren aurkako manifestua.

Azpeitian eta Bermeon, elkarretaratze jendetsuak

Udalbiltzaren aldeko ekimenak aurrera doaz herrietan ere. Larunbatean EAJ, EA eta ezker abertzaleko hautetsi eta hautetsi ohiek elkarretaratzea egin zuten Azpeitian. 150 pertsona bildu ziren bertan, eta parte hartu zuten guztiek emandako babesa eskertu zuen Miren Odriozola auzipetuak eta guztiei dei egin zien aurrerago izango diren mobilizazioetan parte hartzera.

Bermeon ere elkarretaratzea egin zuten larunbat eguerdian. Hau ere jendetsua izan zen, 120 lagun bildu baitziren. Horrez gain, Udalbiltzaren aldeko mozioa onartu zuen Udalbatzak. Bestalde, jakinarazi zuten Udalbiltza Aske! herri batzordea eratzeko batzarra gaur izango dela Bermeoko kultur etxean, 19.30ean. N. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo