Antxoaren biomasa 36.500 tonakoa izanik, arrantzaldiak jarraitzea nahi du Lakuak
Azti-Tecnalia taldeak egindako ikerketaren arabera, antxoaren biomasa 36.500 tonakoa da egun Bizkaiko Golkoan, eta beraz, 2005. urtetik lehen aldiz, espeziearekin arretaz jokatzeko muga gainditu du biomasak. Lakuako arrantza sailburuak datu positiboa dela adierazi du.
GARA |
Antxoaren biomasa 36.500 tonakoa da Bizkaiko Golkoan, Azti-Tecnalia zentro teknologikoak egin duen ikerketa zientifikoaren arabera. Espeziearekin arretaz jokatzeko muga 33.000 tonako biomasan dago jarrita, eta 2005etik lehen aldiz gainditu da muga hori. Horregatik, Lakuako Gobernua antxoaren arrantza zabalik uztearen aldekoa dela baieztatu zuen atzo Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Pilar Unzaluk, Azti-Tecnaliaren txostena aurkezteko Bilbon egindako prentsa agerraldian. Unzalurekin batera izan ziren Jon Azkue arrantza sailburuordea eta Azti-Tecnaliako zuzendari nagusi Rogelio Pozo.
Arrantza sailburuak adierazi zuenez, biomasaren azken datu horrek ez du «izugarrizko susperraldia» islatzen. Hala ere, txosteneko datuak goraipatu, eta Europar Batasunari (EB) eskatu zion «emaitza positibo hauek» aintzat har ditzala eta lehenbailehen antxoaren epe luzerako kudeaketa plana osa dezala, hala, espezie honen arrantza «errentagarria eta iraunkorra bermatzeko».
Era berean, Azti-Tecnaliaren txosten zientifikoa hainbat talde eta erakunderi igorri diotela azaldu zuen Unzaluk, hala nola Estatu espainoleko Itsasoaren Idazkaritza Nagusiari, Kantaurialdeko autonomia erkidegoei eta Bizkaia eta Gipuzkoako arrantzaleen kofradia nahiz federazioei.
Antxoa arrantzatzeko debekua kendu zenetik, Bizkaia eta Gipuzkoako portuetan 4.719.682 kilo antxoa deskargatu direla adierazi zuen Azkue sailburuordeak. Kopuru horrekin, guztira 12.872.411 euro lortu direla esan zuen, eta beraz, kiloko batez besteko prezioa 2,73 eurokoa izan dela.
Azti-Tecnaliako zuzendari nagusiak, Rogelio Pozok, nabarmendu zuenez, urtero bi kanpaina zientifiko osatzen dituzte, Lakuako Gobernuak eta Estatu espainoleko Itsasoaren Idazkaritza Nagusiak hala eskatuta: udaberrian egiten dute bata, ale helduak aztertuz batik bat; bestea, Juvena izenekoa, udazkenean egiten dute eta ale gazteenak hartzen dituzte oinarri.
500 laginketa
Pozok azaldu zuenez, ikerketa hauen ondorioz erabaki zuten iaz 2010. urteko udaberrian antxoaren arrantzari bidea irekitzea, 7.000 tonako muga jarrita. Atzo aurkeztutako datuen arabera, tona kopuru hori arrantzatu da, eta beraz, Pozoren iritziz, arrantza bideragarria izan dela eta iazko Juvena kanpainan aurreikusitako kopurua arrantzatzea posible izan dela ondorioztatzekoa da.
Zentro teknologikoak egindako Bioman kanpainaren bidez, espeziearen ugalkortasuna neurtu dute, eta horretarako, 500 lagin jaso dituzte, estatu espainolaren azaleraren erdiaren adinako azalera aztertuz.
Oinarrizko helburua antxoaren arrantza baliabide iraunkorra izatea dela baieztatu zuen Unzaluk. Hala, «eskuratu ditugun datuen arabera, ezarriko zaigun kuota handiagoa izango dela uste dugu», esan zuen. Hain zuzen ere, antxoaren biomasari buruzko datuok datorren urtean antxoaren arrantzaren jarraipena bermatzen dutela baieztatu zuen. Unzaluk azaldu zuenez, atzo aurkezturiko datuek zehaztuko dute, Itsasoaren Ustiapenerako Institutu frantsesaren datuekin batera, Itsasoa Ikertzeko Zientzialarien Kontseiluak Europako Batzordean aurkezteko osatu behar duen behin-behineko diagnosia.
Tona kopurua ezarri
Europar Batasunari antxoaren kudeaketarako plana lehenbailehen osatzeko eskatu ostean, 2010eko ekainetik 2011ko ekainera bitartean antxoa arrantzatzeko baimendutako tona kopurua zehaztu behar dela aldarrikatu zuen Unzaluk.
Antxoaren biomasa suspertzeak iazko udazkenean egindako Juvena azterketak jasotako aurreikuspenak baieztatzen dituela esan zuen sailburuak, eta Lakuako Gobernuak txosten hori oinarri hartuta egindako gestio lanak indartzen dituela ere bai. Zehazki, baieztatu zuen Lakuaren kudeaketari esker lortu zela pasa den udaberrian antxoaren arrantza baimentzea.
Itsasoa Ikertzeko Zientzialarien Kontseilua datorren ekainaren 24tik 28ra bilduko da diagnosi hori osatzeko. Unzaluk gaineratu zuenez, lan talde horrek Europako Batzordean aurkeztuko ditu ateratako ondorioak eta proposatutako aholkuak.
Lakuako arrantza sailburuak Europar Batasunari eskatu zion epe luzerako antxoaren kudeaketa plana lehenbailehen osa dezala, hala, espezie honen «arrantza errentagarria eta iraunkorra bermatzeko».
Estatu espainoleko Itsasoaren Idazkaritza Nagusiak, Bioman kanpainaren datuak ezagututa, datorren urtean Bizkaiko Golkoan antxoaren arrantza mantenduko dela uste duela adierazi zuen.