Gazte etorkinen kalterako, Aldundiak «mesfidantzaz» jokatu duela salatu dute
Arabako Gazte Etorkinak Babesteko Plataformak Arabako Aldundiari eskatu dio duela urtebetetik gazteei zor dizkien tutoretza agiriak emateko eta harrera zentroetako bizi baldintzak hobetzeko.
GARA | GASTEIZ
Aurtengo urtarrilean laguntzarik gabeko gazte etorkin talde handi batek Arabako Aldundiaren harrera zentroetan pairatzen zuten egoeragatik protesta egin zuen. Geroztik egin diren zenbait aldarrikapenen ondorioz, Gasteizko gizartearen zati batek eurekiko elkartasuna erakutsi zuen. Arartekoak berak ere jaso du aldarrikapen horien oihartzuna eta horrelaxe islatu du bere azken gomendioan.
Arabako Gazte Etorkinak Babesteko Plataformako ordezkariek atzo goizean egindako elkarretaratzean azaldu zuten eran, azken sei hilotan Aldundiak «mesfidantzaz jokatu du gazteekin», eta jokaera horren ondorioak «larriak izan dira eurentzat eta kaltegarriak euren oinarrizko eskubideentzat». Hala nola, zenbaitek hiria utzi behar izan dute; jarraipen eta gizarte-babeserako programak ukatu egin dizkiete, eta ondorioz, erakundeetatik kanpoko etxe solidarioetan hartu behar izan dituzte, edo tarte luzeak eman behar izan dituzte aterpetxeetan.
Lehendabiziko momentutik, urtarrilean gazteek protesta egin zutenetik, bi izan dira euren aldarrikapen nagusiak. Batetik, tutoretza agiriak eman diezazkietela, Atzerritarren Legeak 92. artikuluan agintzen duen bezala, agiriok ezinbestekoak baitira behin harreraren ondorengo 9 hilabeteak pasatuta, dagokien egoitza baimena eskuratzeko; eta bestetik, harrera zentroetan jasan behar dituzten baldintzak hobetzea.
Gazteak adingabeak edo helduak ote direlako eztabaidak direla-eta, plataformak salatu zuenez, horien babes-gabeko adin-txikiko izaera lehenesteko «borondaterik ez dagoela erakutsi du».
Hedabideen «desinformazioa»
Zentzu horretan, zenbait hedabidek «bazterrak nahasteko» bultzatu duten kanpaina larritzat jo zuten: «Datu faltsuak eman dituzte hartutako adin-gabeen kopuruaren inguruan, eurek argitaratutakoa baino askoz gutxiago baitira eta gazte etorkinek diru publiko mordo bat jasotzen dutelako ideia okerra ere zabaldu dute».
Arabako Gazte Etorkinak Babesteko Plataformak kritikatu zuenez, «desinformazio kanpaina honen eraginez iritzi eta jarrera arrazistak sortu dira gizartearen gutxiengo batean, adin-gabearen interes gorena urratuz».
Era berean, gazteak adin nagusitasunera iritsitakoan erakundeek ez ditzatela «kale gorrian» utzi eskatu, eta horretarako, «gizarteratzeko eta segimendurako ibilbide egokiak garatu» behar dituztela gogorarazi zieten. Gazteen iritziak eta iradokizunak entzun eta aintzat har ditzatela ere eskatu zioten Arabako Aldundiari.