GARA > Idatzia > Mundua

Irakeko herritarren haserrea handituz doa, politikarien eraginkortasun ezagatik

Irakeko politikariak Gobernua osatzeko gai ez diren bitartean, populazioak arazo larriak ditu, etxeetan elektrizitatea izatea adibidez. Aldarrikapen hori plazaratuz larunbatean Basoran izandako manifestazio batean lagun bat hil zuten. Atzo, beste batean, bost zauritu izan ziren.

GARA |

Iraken lehen ministro berria izendatzeko prozesua gero eta korapilatsuagoa den bitartean, populazioaren haserrea egunetik egunera hazten ari dela nabarmendu zuen Irakeko diplomaziaburu Hoshiar Zebarik.

Larunbatean, argindar horniduraren etenengatik protestatzeko manifestazioa egin zuten Basoran, eta hildako bat izan zen bertan. Halakoak berriz gerta daitezkeela adierazi zion Zebarik France Presse agentziari.

Hauteskundeak ekainaren 7an egin bazituzten ere, Irakeko alderdiak ez dira orain arte Gobernua osatzeko gai izan.

«Guri dagokigunez, Basorakoa abisu bat izan da», esan zuen Zebarik. «Manifestariek erakutsi zuten haserrea itzela izan zen», gaineratu zuen Masud Barzaniren Kurdistango Alderdi Demokratikoko (PDK) agintariak.

Larunbatean 54 graduko tenperaturak izatera iritsi ziren Basoran, eta halere milaka lagun irten ziren kalera elektrizitatea eskatzeko. Poliziak airera tiro egin zuen jendetza sakabanatzeko eta manifestari bat hil zuten. Atzo beste protesta bat izan zen, eta bost zauritu.

2003ko Mendebaldeko armaden inbasiotik osatu den bigarren Parlamentua hilaren 14an bildu zen, baina saio laburra izan zen eta protokolozko gaiak baino ez zituen jorratu, Gobernuaren osaera albo batera utziz. Orain arte lehen ministro izan den Nuri al-Maliki xiita (hauteskundeetan bigarren izan zen) botereari eusteko ahaleginetan dabil, baina ez du gehiengoa diren xiiten sostengua lortu. Hauteskundeetan nagusitu zen Iyad Allawi laikoa (suniten sostengua duena) Gobernua osatzen saiatzen da.

«Lehen ministro postua lortzeko ikamikak dira konpontzen zailenak. Baina herritarren kezka nagusia beren premiak dira», esan zuen Bezarik.

zortzi hildako

Zortzi pertsona, tartean sei polizia, hil ziren eta beste 18 zaurituak izan ziren Irakeko iparraldean auto-bonbaz atzo izandako bi atentatutan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo