GARA > Idatzia > Kultura

Zornotzako V. Haizetara jaialdiak banden eta kaleko musikaren nazioarteko lehiaketa dakar plazara

Datorren asteburuan jokatuko den lehiak zortzi banda eta makina bat erritmo eta musika ezberdin izango ditu kalejiran -euskalduna bata-, 10.000 euroko sari nagusia nork eskuratuko.

GARA | ZORNOTZA

Fanfarreen, banden eta kaleko musikaren Haizetara Nazioarteko Lehiaketaren V. Edizioa izango da asteburu honetan, ekainaren 25etik 27ra Zornotzan.

Lehiaketaren edizio honetan zortzi bandek parte hartuko dute, musika-estilo eta erregistro ezberdinak ekarriko dizkigutenak: jazza (dixiea, manouchea...), perkusioa, funk-ska, Balkanetako musika, punk-rocka, Afrikako Magrebekoa eta abar.

Hiru egunez jardungo dute musika talde hauek Zornotzako zoko guztiak girotzen eta musikaz betetzen. Bertaratzen direnak musika alaiaz eta dibertigarriaz gozatu ahalko dira familian, doinu eta melodia originalak eta berritzaileak entzuteko parada izanik.

Duela lau urte sortu zen Haizetara jaialdia. Kaleko bandentzako eta musika taldeentzako lehiaketa da, San Joan jaiaren inguruan ospatzen dena, eta herritarrak kalera ateratzeaz gain, musika inguruan mugitzen direnei munduko beste puntan kaleko musikan dauden korronte berri eta berritzaileak hurbiltzea du helburu Haizetara jaialdiak.

Guztira, 32 bandek aurkeztu dute parte hartzeko proposamena eta epaimahaiak zortzi banda hautatu ditu jaialdirako, sorterri eta estilo askotakoak. Zephyrologie eta La Bandastre (estatu frantsesa), Samenakoa (estatu frantsesa eta Alemania), What cheer? Brigade (AEBak), Brassafrik (Belgika), Club Era (Hungaria), Fantomatik Orchestra (Italia), eta Broken Brothers Brass Band euskalduna. Irabazleak 10.000 euroko saria jasoko du, eta ikusleen saria eskuratzen duenak 4.000 euro. Musikaririk onenak ere badu saria, mila eurokoa.

Gastronomia

Jaialdiak dirauen artean, Zaparrada batukadak eta Saguzaharrak fanfarreak ere, banda gonbidatu gisa, Zornotzako kaleak girotuko dituzte. Aparte, Zelaieta zentroak erakusketa bat jasoko du, Haizetara jaialdiarekin batera, ekainaren 30era bitartean: zentsura eta errepresioa jasan zuten herri kanten eta rock musikaren materialen «Zentsura at!» erakusketa.

Gainera, jaialdian gosetu eta egarritzen diren guztiek, gastronomia eta banda lehiakideen kontzertuak konbinatuko direneko hiru gune izango dituzte: Gernika plazako txosna, «Euskal taberna» deitu dutena bertako elikagaiak izango dituelako; Sagardotegia, Zelaieta parkean paratuko dutena, eta Garagardotegia, Zubiondo plazako karpan kokatuko dena, Alemaniako elikagai tipikoekin. Bukatzeko, tabernetan ere formatu txikiko kontzertuak joko dituzte Ba Noa Group, Joe Gonzalez Quartet eta Mikel Bikandi Quartet-ek.

SARI NAGUSIA

Bosgarrenez jokatzen den Haizetara lehiaketan Europako zortzi kaleko musika bandek parte hartuko dute Zornotzan, 10.000 euroko sari nagusia nork eskuratuko.

Fitxa

Data: Ekainaren 25etik 27ra.

Tokia: Zornotzako kale eta plaza nagusiak + Jauregibarria Jatetxea, Konbenio Hotela eta Harrison Hotela.

Parte hartzaileak: Fantomatik Orquestra + Zephyrologie + What Cheer? Brigade + Broken Brothers Brass Band + Club Era + Samenakoa + La Bandastre + Brassafrik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo