GARA > Idatzia > Kultura

Donostiako Jazzaldiak eskaintza turistikoa egin du, sarrerez eta ostatuz osatua

GARA | DONOSTIA

Uztailaren 21etik 25era izango da Donostiako 45. Jazzaldia, Patti Smithekin hasi eta, besteak beste, Ron Carter, Archie Shepp eta Kris Kristoffersonen partaidetza izango duena.

Viajes El Corte Ingles bidaia agentziak, Heineken Jazzaldiarekin eta Donostia Turismorekin elkarlanean, Donostiako Jazzaldirako eskaintza turistiko berri bat plazaratu du. Eskaintza berezi horren bitartez errazagoa izango da egun horietarako antolatu diren ekitaldietara joatea, hotelak erreserbatzeaz gain, kontzertuetarako sarrerak eta aukerako ibilaldiak eskaintzen baititu.

Jazzaldiko arduradunek jakinarazi dutenez, Silken Amara Plaza, Astoria 7, Abba Londres eta Palacio de Aiete hoteletan eskainiko da ostatua proposamen berri honen bitartez. Logela erreserbatzeaz gain, jaialdiko kontzertu baterako edo batzuetarako sarrerak ere eros daitezke.

Txangoak hirian zehar

Halaber, honako txangoak izango dira aukeran: «Donostia nahitaezkoa», erdialdeko eta Alde Zaharreko punturik nabarmenenak bisitatzen dituena; «Zinezko Donostia», Donostiako Zinemaldian izan diren zinema izarrek bisitatutako lekuak ezagutzeko ibilbidea, eta «Donostiako zaporeak», Alde Zaharreko hiru tabernatan pintxo dastatzea barne hartzen duena.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo 902 40 04 54 telefono zenbakira edo www.viajeselcorteigles.es webgunera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo