Begiluzeak eta Hansel eta Gretel eskutik lotuta ibiliko dira Donostian zehar
DFeria jaialdiak ez du bide erraza izan, orain gutxi arte ez da jakin aurrera jarraituko zuen ala ez, eta aurtengoak argia ikusi duen arren, etorkizuna ez du ziurtaturik. Hala ere, aurtengo Donostiako antzerki eta dantza azoka gaur hasiko da bost ikuskizunekin, tartean Koyameren «voyeurismoz» beteriko «Kapzuloa» eta Golden Apple Quartet-en musikala.Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA
Bi metroko altuera eta zabalera dituen kaxa da «Kapzuloa»k behar duen jokaleku bakarra, eta zulotxo batzuen bidez ikusiko da barnekoa. Voyeurismoarekin jolasten du, ikusleria bikote baten intimitatean sartuz. Koyame taldearen eskaintza da, eta bera izango da zalantzaz inguraturik egon den Donostiako antzerki eta dantza azoka irekiko duena. Goizeko hamarretan hasiko da eta ez du atsedenik izango egun osoan zehar.
Beste alde batetik, Miss Universo lehiaketaren interpretazio ezberdin bat egiten du Fingersix kolektiboak, «La sonrisa ganadora» antzerki eta dantza bateratzen dituen ikuskizunean. Bost lagunez osaturiko kolektibo txiki honek Gazteszenan izango du bere aurkezpena, 18.30ean.
Katu Beltz konpainia txikia izan arren, esperientziaz beterikoa da, eta oraingo honetan, greziar mitologiako zorigaiztoko Sisifo pertsonaiaren historia gaurkotzen du «Sísifo B» antzezlanean.
Konpainia handiagoetara joanaz, egun bereko 20.00etan, Biarritzeko Balleta izango da Victoria Eugenian, Thierry Malandain-en «Magifique» koreografiarekin. Txaikovskiren «Intxaur-hauskailua», «Loti ederra» eta «Beltxargen aintzira» obren suite-ak erabiltzen dira obra honetan. Gainera, aurreko urtean izandako arrakasta ikusirik, Gustavo Ajac-ek irakasle lanean errepikatuko du aurten, jazz lirikoa eta komedia musikala estiloetan dantza ikastaro bat emanaz. Eta amaieran ikasleek erakustaldia egingo dute, ikasitakoa praktikan jartzeko aprobetxatuz.
Haurrentzako antzerkiak ere merkatua baduelako, Golden Apple Quartet eta Kanpingags taldeen «Goibel» ikuskizuna aurkeztuko da gaztelaniaz, nahiz eta datozen hilabeteetan euskaraz ikusteko aukera izango den. 2006an «Galipotx»ekin hasi zuten trilogia ixten duen musikala da «Goibel». Proiektu honetan «Ipotx Saltokaria» eta «Botadun katua» ipuinen bertsio garratzak egin zituzten. Oraingoan «Hansel eta Gretel» ipuinari tokatu zaio, eta bai haurrek, bai gurasoek barre egiteko aukera izango dute. «Ez da haurrentzako ikuskizuna, haurrak eramateko ikuskizuna baizik», zioten Golden Apple Quartet taldekoek. Izan ere, ipuin hauetan ezkutatzen diren ideia eta baloreak ez dituzte gogoko. Hori dela eta, berridatzi egin dute hain berezkoa duten umore ironiko hori galdu gabe. Oraingoan gainera, proiekzioa eta antzerkia bateratu dituzte, «ikus-entzunezko bitartekoak dituen antzezlana da».
Marai eta Soroiz
Datozen bi egunetarako denbora-pasak bilatuz dabilenarentzat, eskaintzak ez du behera egingo. Izango diren ikuskizunen artean, adibidez, hainbat sari jaso dituen Sandor Marai idazle eslovakiarraren «La mujer justa» eleberriaren antzerkirako moldaketa estreinatuko du Tanttakak Victoria Eugenian. Horretaz gain eta beste estreinako batekin jarraituz, orain arte euskaraz egin den eta hainbat sari jaso dituen «El viaje de mi padre» gaztelaniaz antzeztuko dute Jose Ramon Soroiz eta Joseba Apaolaza aktoreek Hikarekin. Hauek alzheimerra duen aitaren eta haren semearen arteko erlazio zaila kontatuko dute Antzoki Zaharrean.
Gaur egungo gaiak maite dituzten horientzako, bikote baten arteko amodio sutsuzko istorioa manipulazioz eta tratu txarrez betetzen den horietakoa, adibidez, La Paparen «Rosas Rojas» dago Lugaritz kultur etxean ikusteko. Eta gai leunagoak nahi dituenak Organik dantza taldearen «Maniatic@s» izango du Gazteszenan, edozeinek izan ditzakeen mania txiki nahiz handiak baitira bertan protagonista. Gainera, hain fama txarra duen «Tenemos que hablar» esaldia izenburutzat hartzen duen Kolectivo Mostrenkoren antzezlanak barne-lonja txiki, heze eta ilun bateko hiru bizilagun oso desberdinek bizi dituzten gatazkak kontatzen ditu, egunerokotasuneko eta intimitateko inkomunikazioa dela jorratuz doan gaia.
Sarrerak 3, 10 eta 15 euro bitartekoak izango dira, hainbat deskontu lortzeko aukerarekin.
Aurtengo dFerian 110 sustatzaileren etorrera espero dute. Antolatzaileak zenbateko horrekin pozik dauden arren, kontuan hartzekoa da aurreko urteetan baino nahiko gutxiago izango direla.
«Kapzuloa»: Okendo aretoa, 10.00etatik aurrera. «Magifique»: Victoria Eugenia, 20.00etan. «La sonrisa ganadora»: Gazteszena, 18.30ean. «Sísifo B»: Antzoki Zaharra, 23.00etan. «Goibel»:
Lugaritz kultur etxea, 16.30ean.