GARA > Idatzia > Euskal Herria

Musika ekitaldiz blai dator Hernaniko San Joan jaietako egitaraua

Kontzertuak, herriko txistulari eta musika banden emanaldiak, dantza txapelketa, kalejirak eta herri dantzak izango dira ekitaldi nagusiak atzo hasi ziren aurtengo Hernaniko jaietan. Horiez gain, ohiturari jarraiki eta urtero bezala, suak ere sekulako garrantzia izango du gaurko egunean. Su artifizialek eta zezensuzkoek ukitu magikoa emango diote gauari.

p018_f02_ONA.jpg

Nagore BELASTEGI

Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkateak bost jai egunetan ondo pasa dezaten opatu die herritar guztiei, nahiz eta batzuk une zailean izan. Beraz, Beitialarrangoitiak esan duen bezala, gozoak inor ozpintzen ez omen duenez, sanjoanetako egitarauak denek ondo pasatzeko ekitaldi sorta aparta dakar.

Gaurko eguna musika ekitaldiz josita dago goiz-goizetik, erritmoa herritarren gorputzez jabetzen hasteko. 9.00etan diana izango da «Mendirik mendi» doinuaren airera, Herriko Musika eta Txistulari banden eskutik. Ea honela hernaniar guztiak urteko gaurik motzenean egindako jaiari buelta ematen dioten.

Musikarekin jarraituz, 12.00etan Txistulari Bandak kontzertua emango du Gudarien plazan, eta 13.15ean Musika Bandak emanaldia egingo du toki berean. Amher elkarteak, 2002an Hernanin bertakoen eta kanpotik etorritakoen ekimenez sortu zen elkarte kulturanitzak, kulturen arteko musika emanaldia eskainiko du Urbieta kalean 18.00etan. Ordubete geroago, triki-bertso poteoa hasiko da txosna gunean, gazteak gauerako girotzen hasteko.

23.00etan, Molotoff Irratiaren gunean, doinu gogorrak entzuteko eta garrasika abesteko aukera izango da, Punk Gaua antolatu baitute. Baina musika lasaiagoa gustuko dutenek, ordu berean, Atsegindegi plazan Lisker taldearen dantzaldiaz gozatu ahal izango dute. Bi aukera horiek asetzen ez dituztenentzat, hirugarren bat proposatzen du jai batzordeak; Ezkiaga pasealekuan (Tilos) Met-Heav, Dirty Eyes eta Black Night taldeek kontzertua eskainiko dute. 23.15ean Xalaparta txaranga irtengo da herriko txokoak alaitzera. Gauerdian, berriz, doinu herrikoiak iritsiko dira herrira eta Plaza Berrian dultzaineroek jotako kalejiran eta dantzetan parte hartu ahal izango du nahi duenak. Larrain-dantzarekin amaituko da San Joan gaua, baina, ziur, nahi duenak hurrengo goizera arte jai giroan jarraitzeko aukera izango duela herriko tabernetan.

Musikaz gain

Jaietan dena musika ez denez, ekitaldi gehiago prestatu dituzte gaurko, adibidez, 9.00etan haur kategoriako XX. amuarrain-arrantza txapelketa ospatuko da, eta, 11.30ean, haurren danborrada. Arratsaldean, 18.00etarako Dantza Solteko Txapelketa dago antolatuta, eta 20.00etan herriko errepresaliatuen eskubideen aldeko ekitaldia egingo dute Gudarien plazan. 22.45ean, urtero bezala, su artifizialak ikusi ahal izango dituzte hernaniarrek, eta 23.45ean zezensuzkoak ibiliko dira Zinkoenea plazan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo