GARA > Idatzia > Euskal Herria

Jai giroa berotzen hasi da Arbizun, Betagarriren musika eta Xiba jokoen finalen zain

Atzo eguerditik jaia nagusi da Arbizun. Ekainaren 23an ezinbesteko diren ermitarako bisitak eta suaren gaineko jauziek alaitu dute giroa, baina onena etortzear da. Betagarri eta Xiba jokoak dira aurtengo amua.

p020_f02.jpg

GARA | ARBIZU

Herriko jaiek nonbait jendetza erakartzen badute, toki hori da Sakana. Eta Sakana barruan ere, Arbizu nabarmentzen da, Uharte Arakilekin batera udako egitarauaren hasiera markatzen baitu. Atzo eguerdian piztu zen jaia, ohi bezala erritmo mote- lean. Suziriaren jaurtiketa baino, arratsaldean San Joan ermitara egiten den bisita, batetik, eta gaueko suak, bestetik, alaitzen dute giroa.

Festetako egun nagusia berez gaurkoa bada ere, Udalak prestatutako egitarauan beste bi ekitaldi aipa daitezke. Batetik, bi- har gauerdian egingo den Betagarriren kontzertua (Goienetxe anaiak arituko dira aurretik). Ska doinuek parrandazale eta musikazale ugari erakar dezakete herrira.

Ostirala Amnistiaren Eguna izan ohi da Arbizuko jaietan, baina aurten hainbat arrazoirengatik, Betagarriren bisita tarteko, larunbatera pasatu da errepresaliatuen aldeko eguna. Gau horretan, Tximeleta taldea arituko da plazan, baina aurretik kirola eta euskal ohiturak uztartzen dituen ekitaldia izango da ikusgai: Xiba joko-jolasen Euskal Herriko finalak, hain zuzen ere.

17.00etatik aurrera bertan lehian izango dira hainbat herrialdetatik etorritako taldeak. Zazpigarren aldiz jokatzen ari dira txapelketa hau. Dantza, lasto, soka-tira, lokotxak, xiba... euskal sena adierazten duten ariketa horietan guztietan nor baino nor arituko dira finalistak, arbizuarren gozamenerako.

«San Joan janak»

Aurretik ere bada zer ikusi eta zerekin ongi pasa. Gaur bertan herri kirolak aurreikusten dira, 19.00etatik aurrera, Elbi bentrilokuoa 17.30ean, eta dantzaldia Drindots taldearekin arratsaldean eta gauerditik aurrera. Bihar Gazte Eguna ospatuko da, Betagarriren kontzertuaren aurretik malabareak eta Gorritiren animaliak izango direlarik.

Amnistiaren Egunaren ondoren ere, oraindik hiru jai egun gehiago izango dira Arbizun: Kinto Eguna igandean -zezen mekanikoa, mitologiako kalejira...-, Erretiratuen Eguna astelehenean -mariatxiak, luntxa...- eta Haurren Eguna asteartean -txikiendako bazkaria, jolas parkea, txotxongiloak...-. Ez dago esan beharrik Arbizuko jaiak ezaugarritzen dituen aatea (auzatea) egunero egingo dela, eguerdietan eta arratsaldeetan.

Batzuek izena ere aldatu diete jai hauei, eta sanjoanak deitu beharrean «san janak» direla esaten dute umorez, gose eta egarria kentzeko ordu txarrik ez dagoelako zazpi egun eta gau hauetan zehar.

Dantzaldiei dagokienez, igandean Egan-en txanda izango da. Astelehenean Joselu Anaiek alaituko dute Arbizu, eta asteartean Orotz taldeak.

Poliki hasi zen jaia

Berezko zaporea izan zuen jai hasierak ere. Bezperak egin ondoren, ``Maria Lonbrenen zaldiya'' izeneko dantzaz agurra egiten diete aurtengo kintoek zinegotziei eta -ondorioz- Arbizuko herri guztiari. Zortziko hunkigarria da baseliza ondoan dantzatzen den hori.

Jaietako lehen orduak, aldiz, oso lasaiak izan ziren herrian. Ohi bezala, zalaparta handirik gabekoa izan zen etxafuegoa. Udaletxeko langile batek piztu zuen. Arratsaldean zehar, ordea, San Joan ermitaren bidean hasi ziren arbizuarrak girotzen, eta askorentzat suaren inguruan hasiko zen gaua, seguru.

KONTZERTUA

Bihar gauerdian Betagarri ska talde gasteiztarra arituko da herrian. Gainerako gauetan, gaurtik aurrera, Drindots, Tximeleta, Egan, Joselu Anaiak eta Orotz.

XIBA

Zazpigarren aldiz jokatzen ari diren lehiaketako finala hartuko du herriak etzi: dantza, lasto-altxatze, sokatira, lokotx-biltze, ziba... ariketa ikusgarriak, arbizuarren gozamenerako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo