Coke narkotrafikatzailea atxilotu dute, bere burua entregatzera zihoanean
Jamaikan epaitu dezaten saihesteko bere burua AEBetako enbaxadara entregatzera zihoanean atxilo hartu du Poliziak Christopher Coke droga trafikatzailea. Sor daitezkeen istiluak ekidite aldera, larrialdi egoera beste hilabetez luzatzea erabaki dute agintari jamaikarrek.
GARA
Cristopher Dudus Coke ustezko droga trafikatzailea atxilo hartu zuela iragarri zuen astearte gauean [atzoko goizaldea, Euskal Herrian] Jamaikako Poliziak. Atxiloketa Kingston hiriburuko aldirietan gertatu zen, eta orduz geroztik Spanish Town herriko polizia etxean dago, segurtasun neurri zorrotzez zainduta.
Joan den hilean, Ameriketako Estatu Batuetako auzitegi batek Cokeren estradizioa eskatu zion Jamaikari, leporatzen dizkioten narkotrafiko karguengatik epaitzeko. Hala, Polizia jamaikarrak sarekadak egin zituen Tivoli Gardens auzunean, trafikatzaile horrek jarraitzaile ugari baititu bertan, zenbait talde armaturen kontrolaz gain. Aipatu sarekadetan ez zuten lortu Dudus atxilotzea, eta sortutako istiluen ondorioz 73 lagun hil ziren.
Al Miller erlijiosoa atxiloketaren lekuko izan zen, eta hark azaldu duenaren arabera, Portmoreko errepideetan jarritako kontrol batean hartu zute preso jamaikarrek, eta Cokek ez omen zuen erresistentziarik jarri. Elizgizonak gaineratu zuenez, AEBetako enbaxadara zihoan Coke, bere burua entregatu, eta hala, bera Jamaikan epaitua izatea eragozteko.
Laguntza eskaera
Coke atxiloketaren egunean bertan berarekin kontaktuan jarri zela argitu zuen Millerrek, AEBetako enbaxadara heltzen lagun ziezaion eskatzeko, antza denez, bere burua Poliziaren esku utzita kalte egingo ote zioten beldur zelako.
Zentzu horretan, bere herrialdeko agintariengan duen konfiantza eza dela-eta, Christopher Dudus Cokek Jamaikan epaitua izateari uko egingo diola zehaztu zuen Millerrek, eta ahaleginak egingo dituela Justizia estatubatuarra izan dadin bera auzipetu eta epaitzeaz arduratuko dena.
Washingtoneko agintariek ezagutzera eman duten bertsioaren arabera, Shower Posse izeneko talde armatu bateko buruzagia da Coke, eta 80ko hamarkadan kokaina trafikoaren kontrola eskuratzeko izandako gudan ehunka hildako eragin izana egozten diote, besteak beste.
Kingstoneko aldirietan ospe handia duen eta bertako Alderdi Laboristaren babesle nagusietakoa den Cokeren estradizioaren aurka agertu zen, hasiera batean bederen, Jamaikako Gobernua, baina azkenik, Washingtoneko presioak efektua eragin zuen, eta Coke atxilotzeko agindua eman zuten.
Gertatutakoaren ondoren istiluak sor daitezkeela aurreikusita, Kingstoneko Exekutiboak larrialdi egoera beste 30 egunez, uztailaren 22ra arte, luzatzeko erabakia hartu du.
Jamaikako agintariak, inteligentzia zerbitzuen ikerketak aipatuta, segurtasun indarren aurkako erasoak egongo diren beldur dira, eta horregatik alerta egoeran daude.