GARA > Idatzia > Euskal Herria

Pasaiako Portu Agintaritzako kontseiluak Buenen proiektu eraldatua onartu du

GARA

Pasaiako Portu Agintaritzak (PPA) oniritzia eman zion atzo Miguel Buenek, erakundeko agintari nagusiak, kanpo portuaren proiektua eraldatzeko egindako proposamenari. Jaizkibel magalean egin nahi duten portuaren azalera hasieran aurreikusitakoaren erdira murriztuko litzateke, 90 hektareara, eta neurri berean gutxitu aurrekontua ere: kostua 756 milioi euroko izango litzateke, prentsa aurrean Buenek esan zuenez.

Beraz, eraldaketa honen arabera, kanpo portuak egungo barnealdekoak baino soilik 30 hektarea gehiago izango ditu. Lehendakariak esan zuenez, «gehikuntzak txikia badirudi ere, errealitatean kanpo kaiak egungo portuaren gehienezko ahalmena bikoiztuko du».

Lezo eta Pasaiako udalek, baita proiektu honen aurkako hainbat taldek ere, hasieratik erakutsi nahi izan dute egungo barruko portua are gehiago erabil daitekeela. Euren ustez arazoa barne portua berrantolatzearekin konpon daiteke; are gehiago, Madrileko Unibertsitate Politeknikoak egindako ikerketa baten arabera, Pasaiako itsas trafikoari erantzuna emateko nahikoa da egungo zerbitzugunea baino %15 txikiago den gune bat. Erakunde horiek argi dute, ordea, «negozioa» egitea dela Pasaiako Portu Agintaritza eta bertan ordezkaritza duten Lakua, Gipuzkoako Aldundia, Estatuko Portuak, Adegi edo Merkataritza Ganbera erakundeen zein udal batzuen interes nagusia.

Pasaiako egungo portuan tona gehien mugitu ziren urtea 2003a izan zela azaldu zuen atzo Buenek, eta kanpo portuarekin neurri hori bikoiztu egin daitekeela. Krisi garaia izanik merkantzien trafikoak beherakada izan badu ere, kanpo portuaren beharra justifikatzeko esan zuen ontzien joan-etorriak %4 egin zuela gora maiatzean.

Azpiegitura erraldoi horrek ingurumenean eragingo duen kalteari dagokionez, PPAko lehendakariak nabarmendu zuen proiektu berriak portu txikiagoa egitea jasotzen duenez, eragina ere txikiagoa izango dela. Hala ere, ez zituen aipatu ere egin, handiagoa edo txikiagoa izan, portuak beharko dituen bestelako azpiegituren eragina, hala nola errepide berriak, AHTk edo harrobiak.

Gauzak horrela, herenegun LAB eta ELA sindikatuek zein Pasaia eta Lezoko udalek PPAko administrazio kontseiluan proiektua geratzeko eskatuz proposamena aurkeztu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo