Herritarrei begirako egitarau beteaz, hemen dira Dimako jaiak
Herri afariarekin emango diete hasiera gaur gauean Dimako San Pedro jaiei. Igandeko nekazaritza eta artisau produktuen azokarekin abiatu ziren festak, baina gaurtik asteartera bitartean izango dira ekitaldi gehienak. Herriko jendea omentzeko helburuz antolatu dute egitaraua eta umore ona eta jai giroa soberan izango da bertaratzen direnentzat.
M.A.
Gaur gauean hasiko dira «ofizialki» Dimako San Pedro jaiak. Ez da txupinazorik edo tankera horretako hasierako ekitaldirik izango. Herritarren parte hartzea bultzatu eta guztiek goza dezaten prestatu dute egitaraua, eta, helburu horri begira, herri afariarekin hasiko dituzte jaiak ondo baino hobeto.
Hala ere, ez da jaietako lehen ekitaldia izango. Izan ere, igandean nekazaritza eta artisau azoka izan baitzuten herrian eta Arratiako txistulariak ere izan ziren giroa berotzen.
Herri txikia da Dima, biztanle askorik ez duena. Udalak nabarmendu duenez, baina, jai giroa eta umore ona soberan izango dute kanpotik gerturatzen direnek ere. Miren Lorea Bilbao Artetxe da jaietako egitarauaz arduratzen den zinegotzia eta, azaldu duenez, urtero antolatzen dituzten ekitaldi gehienak mantentzen saiatu dira aurtengo edizioan. Hori bai, onartu duenez, behin eta berriz errepikatzen den krisi ekonomikoaren eragina ere izan dute. Diru iturri gutxiago izan dute azken urtean udal guztiek eta Diman ere hala gertatu da. Horri aurre egiteko, jaietako aurrekontua %20 murrizten ahalegindu dira. Hala ere, Bilbao Artetxek dioenez, egitaraua «mantentzen» saiatu dira. «Horretarako imajinazioa behar izan dugu eta batez ere elkarteen eta hainbat herritarren laguntza», azaldu du Dimako zinegotziak.
Aurrekontuak alde batera utzita, herriko jendea omentzea izaten dute helburu San Pedro jaiek Diman. Ume, gazte, heldu eta adinekoentzako egitaraua prestatu dute. Udalak herriko elkarte guztietako ordezkariekin batera antolatzen ditu festak, eta funtsezkoa izaten da elkarte guztien laguntza, bai jaiak antolatzean bai jaietan bertan horiek gauzatzean.
Herritarrak omendu
Bertsolari eta musikariek girotutako herri afariarekin hasiko dituzte, beraz, gaur gauean jaiak. Boluntario ugari arituko da lanean ezerk huts egin ez dezan. Lehen gau honi jarraipena emateko, Jokaldi taldearekin erromeria izango da eta jaialdia gaztetxean.
Ostirala haurrentzako puzgarri eta quadekin hasiko da, bits jaia eta eskalada ere izango dira arratsaldean. Horren ondoren, boulder txapelketa hasiko da 19.30ean, eta kontzertuekin amaituko da jaia. Lorebeltz, Harrobi eta DJ Peru arituko dira.
Umeentzako jolas eta puzgarriekin abiatuko da larunbata ere. Horien ondotik, paella eta tostada txapelketak etorriko dira bazkalorduan, eta, esku pilota jaialdia, arratsaldean. Herri kirol erakustaldia egingo dute 19.00etan herriko jendearekin, eta kontzertuekin bukatuko dute bisitari gehien izango duen eguna. Hesian talde nafarra -disko berria aurkezten- Amaiur eta TRES 41 arituko dira taula gainean. Euskal preso eta errepresaliatuen aldeko ekitaldia egingo dute 24.00etan.
Dantza erakustaldia izango da igandean eguerdian, eta arratsaldean, 19.30etik aurrera, Unai Iturriaga, Miren Amuriza, Etxahun Lekue eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek saioa eskainiko dute. Astelehena indarrak berreskuratzeko eguna izango da mus eta briska txapelketarekin.
Jaiak asteartean, San Pedro egunean, amaituko dira. Erretiratuen eguna izango da eta omenaldia eta bazkaria izango da haientzat. Gero, tortilla txapelketarekin eta txokolate-janarekin agurtuko dituzte festak.
Ostiralean Lorebeltz, Harrobi eta DJ Peru arituko dira taula gainean eta larunbatean, berriz, Tres 41 taldeak, Hesian nafarrek eta Amaiur erromeria taldeak eskainiko dute kontzertua.