GARA > Idatzia > Kirolak> Bilbao Basket

Bizkaia Bilbao Basketen fitxaketa

Aaron Jackson antolatzailea, bizia eta etorkizun handikoa

Urtebeterako etorri da estatubatuarra, nahiz eta Bilboko klubak beste urtebetez luza diezaiokeen kontratua. Javi Salgadoren pubiseko ebakuntza ondo atera da.

p045_f02.jpg

Arnaitz GORRITI

Bizkaia Bilbao Basketek hurrengo denboraldirako aurreneko fitxaketa baieztatu zuen: Aaron Jackson antolatzailea. 24 urte eta 1,93 metroko jokalari hau urtebeterako etorri da, nahiz eta talde bilbotarrak beste denboraldi batez luza diezaiokeen kontratua.

Adituen hitzetan, jokalari bizia eta etorkizun handikoa da. Antolatzaile zein eskolta gisa joka lezake eta oso saiatua omen da. Duquesne-ko unibertsitatean, batez beste, 19 puntu, 5 errebote eta 5 asistentzia egin ostean, Turkian aritu zen 2008/09 denboraldian, Antalya taldean. Aurtengo sasoia, aldiz, Italiako Canadian Solar Bologna taldean jokatu du, eta, batez beste, 14,4 puntu, 4,7 errebote, 4,9 asistentzia eta 1,9 baloi lapurtu bildu ditu.

Bilbao Basketeko arduradunek adierazi zutenez, Jackson «Europako ligarik indartsuenean jokatu ahal izateagatik kontentu» omen dago.

Horrez gain, Javi Salgado, bizkaitarren kapitainari atzo egin zioten pubiseko ebakuntza Sevillan. Manuel Martin Gomez sendagileak aditzera eman zuenez, «onik» atera da Santutxukoa ebakuntzatik. Gaur bertan itzuliko da etxera eta bi astez atseden hartu beharko du. Hala, Bilbao Basketek denboraldiaurrea hasterako, abuztuko hirugarren asterako, sasoiko egongo da.

Talde bilbotarraren kontuekin amaitzeko, esan behar, Malagako Unicajako Berni Rodriguez jokalariari eskaintza egin diola. Rodriguez eta Malagako taldea kontratua adostu ezinik dabiltza eta andaluziarrari «eskaintza sendoa» egin omen zaio.

Splitterri eskaintza

Bestetik, ia gauza ziurra da Tiago Splitterrek NBAn jokatuko duela udazkenetik aurrera. Hala ere, Vocento taldeak jakinarazi duenez, kontratua 2015. urtera arte luzatzea eskaini dio Saski Baskoniak, nahiz eta brasildarrak Gasteizen jarraitzeko itxaropen handirik ez dagoen.

Gipuzkoa basketek, berriz, Albert Miralles lotuko duen «itxaropena» dauka, oraingoz inork ez baitio eskaintza hoberik egin. Aldiz, Alain Koffi ez da Donostiara etorriko, Euroliga jokatuko duen talderen batera baino.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo