Trontza
Esnaola anaiak dira Gipuzkoako txapela lortzeko faborito nagusiak
Jon LEUNDA
Andoaingo Goiko Plazan jokatuko da gaur arratsaldean Gipuzkoako trontzalarien finala. Bertan, Esnaola anaiak, Rezabal-Roteta eta Salegi-Zubiaurre neurtuko dira. Jaialdia, 17.30etik aurrera izango da ikusgai.
Bikote bakoitzak kana-erdiko enbor bati hamabi epai etzanda eman beharko dizkio, eta beste sei, berriz, zutik jarrita. Pago enborra izango dute lanerako.
Dudarik gabe, Aitor eta Igor Esnaola izango dira garaipena lortzeko faborito nagusiak. Legorretako anaiak azken urte hauetako herrialdeko txapeldunak dira, eta egun Euskal Herrikoak ere badira. Gainerakoek zaila izango dute horiek mendean hartzea, oso bikote ona osatzen baitute. Agian, Roteta eta Rezabal izan daitezke aurkaririk gogorrenak. Azken hauek iaz Euskal Herriko Bigarren Mailakoa irabazi zuten.
Gaur Andoainera hurbiltzen direnek, ordea, Euskal Herriko Hirugarren Mailako aizkolarien kanporaketa ere izango dute ikusgai. Izan ere, bertan jokatuko da lehen kanporaketa. Hirugarren Mailan aritzeko 35 aizkolarik eman dute izena. Hiru multzotan arituko dira eta multzo bakoitzeko lehen biek lortuko dute sailkatzea.
Gaur, honako hauek arituko dira: Jauregi, Irazabal, Alkizalete I.a, Alkizalete II.a, Urteaga, Dorronsoro, Larrañaga, Erdozia, Resano, Etxeberria eta Ruben Saralegi. Gaurko saioan ere aizkolariak hiru txandatan banatuta arituko dira eta bi denbora onenak lortutakoek egingo dute aurrera. Aizkolari bakoitzak launa kana-erdiko erdibitu beharko ditu.
Segalarien sasoia ere oraintxe da, eta datorren igande arratsaldean, 18.00etan hasita, Zizurkilen jokatuko da Gipuzkoako abiadurako txapelketa. Bertan gizonezkoak eta emakumezkoak neurtuko dira. Gizonezkoetan berririk pozgarrienetakoa Jexuxmari Ormaetxearen itzulera izango da, Orendaingoa Zizurkilgo saioan izango baita.