GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Mundu kopa C Multzoa

Amets amerikarra egia bihurtu zuen Donovanek

AEBetako aurrelariak 92. minutuan eman zion taldeari final-zortzirenetarako txartela. Ordura arte, ordea, Esloveniak zuen sailkapena, Ingalaterraren aurka galdu bazuen ere. Defoek sartu zuen ingelesen gola.

p042_f02_097x088.jpg

ESLOVENIA 0  INGLATERRA 1

ESTATU BATUAK 1  ALJERIA 0

Imanol CARRILLO

«Yes, we can» AEBetako presidente Barack Obamaren esaldi aski famatua berreskuratu zuen bertako futbol selekzioak, Mundu Kopako final-zortzirenetarako txartela multzoko lehen sailkatu gisa lortzeko.

Emozio handiz egin zuen, gainera. Izan ere, Ingalaterraren eta Esloveniaren arteko neurketa amaituta zegoen -eta une horretan bi taldeek sailkapena eskuetan zuten-, baina ez zuten inondik inora buruan beste futbol-zelaian minutu bat geroago gertatuko zena.

AEBen eta Aljeriaren arteko neurketa 92. minutuan zegoela, Landon Donovanek C multzoaren egoera erabat aldatu zuen. Eslovenia Mundu Kopatik bota, eta estatubatuarrek lehen postua eskuratu zuten, Ingalaterra bigarrenera jaitsiz.

Ameriketako Estatu Batuetan soccer-a bultzatzeko egiten ari diren lan bikaina eta aurrerapausoak nabaritzen hasiak dira dagoeneko. Iazko Konfederazio Kopan ere, finala jokatzea ere egokitu zitzaien, final-erdietan Espainia kanporatu eta gero.

Partidari dagokionez, Aljeriak neurketako aukerarik argiena izan zuen seigarren minutuan, baina Djebbourrek langara jaurti zuen baloia. Estatubatuarrek baloiaren jabetza izan zuten partidako une gehienetan. Hala, gola sartzeko ametsa egia bihurtu zen luzapenean. Landon Donovan aurrelariak aldaratze bat aprobetxatu zuen baloia sare barrura bidaltzeko. AEBak Mundu Kopan ziren oraindik ere. Eslovenia, berriz, kanpoan zegoen jada.

Zerutik infernura istant batean

Esloveniarrek ere amerikarren amets bera gertuago zuten minutu bat lehenago. Ingalaterraren aurka jokatu zuten partida amaitua zuten ordurako. 0-1eko porrotarekin multzoko bigarren postuan sailkatzea lortu zuten.

Hala ere, Fabio Capelloren taldea hobea izan zen zelai barruan. Entrenatzaile italiarrak aldaketak egin zituen hamaikakoan, eta taldeak ez zuen huts larririk egin oraingoan. James Milnerrek erdiraketa ederra egin zuen eskuinetik 23. minutuan eta Jermain Defoek gola sartu zuen.

Neurketa italiar estiloan amaitu zen, Ingalaterrako gizonek Esloveniako zelaiko kornerrean baloia mantenduz.

eslovenia

0

ingalaterra

1

estatu batuak

1

aljeria

0

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo