GARA > Idatzia > Kultura

Euskal Herria Zuzenean, hamabostgarren edizioan, Heletan egonkortzeko bidean

EH Zuzenean jaialdia hurbiltzen ari delarik, muntatze lanetan hasi dira Heletan laguntzaileak. Yacine, Killers eta Gandit dira uztailaren 2an, 3an eta 4an arituko diren musika talde berriak.

Idoia ERASO | HELETA

Astearteaz geroztik Heletan gazteak batetik bestera dabiltza lanean. Euskal Herria Zuzenean jaialdia hasi baino aste eta erdi lehenagotik lana abian da. Uztailaren 2, 3 eta 4an jende andana helduko da Nafarroa Behereko herrira programa aberatsaz gozatzera.

Jaialdiak 15. urteurrena beteko du aurten eta Heletako fasea egonkortasunera bidean da. Joan den urteko edizioan izandako arrakastaren ondotik, Nafarroa Behereko herrian biztanleen eta auzapezaren konfiantza lortua da.

Programa apirilean ezagutarazi bazuten ere, azken momentuko sorpresak aurkeztu dituzte antolatzaileek. Estilo oso ezberdineko hiru talde izanen dira, Alpha Blondi, Rachid Taha eta Berri Txarrak taldeekin batera. Yacine Ekialdeko estilo duen Bartzelonako taldea, Baionako Killers metal taldea eta, azkenik, Gonbit, Manu Chaoren baxu-jotzaile ezaguna DJ lanetan arituko da.

Musika taldeez gain, EHZko antolatzaileek egunean zehar izanen diren animazioak nabarmendu nahi dituzte. Jaialdiaren 15. urteurrena ospatzeko bi ekimen berezi antolatu dituzte. Igandean bertso trama bat eginen dute Odei Barroso, Unai Gaztelumendi, Aitzol Barandiaran eta Miren Artetxe bertsolariek.

Jaialdiaren ibilbidearen oroigarri musikatua eginen du Moï Moï elkarteak. 15 urteotan igarotako talde guztien kantak bilduko dituzte eta «juke-box» bitartez ikusleek entzun nahi dituzten taldeak aukeratzen ahalko dituzte.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo