GARA > Idatzia > Ekonomia

Metalaren eraldaketari buruzko mintegia izango da gaur BECen

GARA | BARAKALDO

Gasteizko Gobernuko Kanpo Ekintzako Idazkaritza Nagusiak eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak mintegia antolatu dute Europar Batasunak (EB) metala eraldatzeko industriaren lehiakortasunaren inguruan osatu duen azken txostenari jarraipena emateko. Hala, Europako Batzordearen Enpresa eta Industria Zuzendaritza Nagusiaren lankidetzarekin antolatu den jardunaldia gaur ospatuko da Barakaldoko BEC erakustazokan.

Antolakuntzako iturrien arabera, metalaren eraldaketa «funtsezkoa» da industria sektorearen baitan, batez ere, hornidura-sarean. Era berean, manufaktura-industrian enplegu kopuru handiena sortzen duen alorra da, lau milioi langile ingururi ematen baitie lana, Europa Press agentziaren arabera. Zentzu horretan, EBk osaturiko txostenak sektorearen ikuspegi zabalagoa izateko «oinarri bikaina eta zabala» eskaintzen duela baieztatu dute jardunaldiaren antolatzaileek, hain zuzen ere, bertan bildu baitituzte metalaren eraldaketarako estrategia eta aukerak.

Mintegian ehun arduradun politiko inguru bilduko dira, baita industria metalurgikoari loturiko Europako hainbat ordezkari, eta kluster, parke teknologiko nahiz unibertsitateko ordezkariak. Sindikatuetako ordezkariak ere bertan izango direla adierazi dute.

Besteak beste, EAEko metalaren industriaren arrakastaren «errezeta» aztertuko dute eta EAEko jardunbidea Europara esportatzeko aukera.

Industria politika berria

Era berean, sektorearentzat estrategikoak izan daitezkeen aukerak aztertuko dituzte, baita horiek hainbat eremutan nola ezarri ere. Sektorearen etorkizunaz ariko dira, beraz, hain justu, Europar Batasuna industria politika berriaren zuzentarauei buruz eztabaidatzen ari denean

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo