GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander Garro Idazlea

«Autodenominada»

 

Badira urte batzuk Iñigo Urkullu ezker abertzaleari «autodenominada» abizena jartzen hasi zela. Tema estimagarria du. Txikitan amak hamster bat oparitu zidala ekartzen dit gogora horrek. Goiz eta gau egoten zen kaiola barruko gurpilean lasterka, haginak airean. Amak, bere doinu neurtuan, esan ohi zuen: «Ez daki besterik egiten». Bazekien besterik egiten, ordea: jan egiten zuen, eta jandakoa botatzen, hondakinak pilota txiki-txikietan utzita. Ezin esan liluratzeko bertuteak zeuzkanik, baina bazekien hainbat gauza egiten behintzat. Urkulluri entzunda, emango luke ezker abertza- leak bi izen dauzkala, bata berezkoa, eta bestea ezker abertzaleak berak bere buruari jarritakoa. Jakiteko gaude, oraindik, zein beste modutan esaten dioten kanpokoek, ez bada Urkulluk berak usu erabiltzen duen izquierda radical hori, beti gaztelania garbian esaten duena. (Beste) arerioek nahiz lagunek, aldiz, denek esaten diote berdin: ezker abertzalea. Onerako eta txarrerako. Beharbada, Urkulluk esan nahi duena da ezker abertzaleak ez duela izen hori merezi, izenak berak izana baitakar, eta ez lioke ezker abertzaleari, ez ezkerreko, ez abertzale izatea aitortu nahi. Eta berak badu eskumenik aitortza ez egiteko, Iñigo Urkullu baita EBBko buruzagia (edonor kikiltzeko modukoa, aizu). Bitxiena, ordea, zera da: etengabe esan beharra. Pentsatzekoa baita, norberak bere buruari ikusten dizkion bertuteak aurkariari ez ikustea, eta alderantziz, baina hura sistematikoki gogoraraztea? Zer litzateke hau? «Los autodenominados socialistas recriminaron  a los autodenominados populares…».
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo