GARA > Idatzia > Kultura

Uztailaren 1ean emango diote hasiera Getxoko jazz jaialdiari

GARA | GETXO

Datorren ostegunean, uztailaren 1ean, Getxoko Nazioarteko Jazzaldiak Euskal Herriko jazz zirkuitua zabalduko du. Aurtengoa 34. edizioa du, eta nazioarteko ospea duten artista aipagarriak eta Europako banda gazteak bilduko dira uztailaren 5era arte. Biotz Alai plaza berritua berriro ere Talde Lehiaketako banden kontzertuen eta saio nagusien agertokia izango da. Horien bidez, jazzaren hainbat estilo eta soinu entzungai izango dira 21.00etatik aurrera.

Charles Lloyd saxofoi-jotzaile beteranoak irekiko du aurtengo programa. Musikari honek berrogei urteko ibilbidea du, eta bitartean hogeita hamabost disko kaleratu ditu. Gaur egungo jazz modernoan «ezinbesteko erreferentzia» dela diote antolatzaileek. Bigarren egunean, lekukoa Jerry Gonzalezek (1949, New York) eta Fort Apache bere banda mitikoak hartuko dute. Jazz latinoaren funtsezko irudia da eta musika afro-karibetarra sakondu du jazzarekin erabat integratzea lortu arte. Mestizaje horren emaitza "Rumba para Monk", "Crossroads", "Pensativo" eta "Moliendo café" lan ospetsuetan islatu da, besteak beste.

Asteburu bete jazz

Larunbatean Dave Douglasen boskotea izango da Getxon, bere belaunaldiko tronpeta-jotzaile eta konpositore ezagunenetakoa. Uztailaren 4an, igandean, Dee Dee Bridgewater izango da. Abeslariak hainbat sari jaso ditu, besteak beste, Django D´Or sari bat eta bi Grammy-k. Nancy Wilson eta Sarah Vaughan abeslarien estiloak nahasten zalea da Bridgewate. Jaialdia David Sanborn saxofoi-jotzaileak itxiko du uztailaren 5ean.

Hirugarren Milurtekoa atalean, jazz talde berriak ere arituko dira Tellagorri plazan, 19.00etatik aurrera. Amaitzeko, Jam Sessions izeneko emanaldiak, Algortako Piper's Irish Puben eskainiko dira gauerdi aldera, Biotz Alaiko ikuskizunak amaitu ostean. Jaialdiak iraun bitartean, Marchin' Band Broken Brothes Brass Band taldeak Getxoko kaleak musikaz beteko ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo