Ivan Santamaria 2010/6/30
Atsedenean, galtzen
berria
Urte bat eta hilabete bat pasatu da euskal gehiengo sindikalak krisi ekonomikoari erantzuteko lehenbiziko greba orokorrera deitu zuenetik. Orduan denetarik entzun behar izan zuten sindikatu abertzaleek. Lanuzte politikoa zela -Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakari izendatu berria zuten- edo ez zegoela arrazoi edo argudio nahikorik halako neurri bat hartzeko. Gizarte elkarrizketak oraindik ere dena konponduko zuela zioten CCOOk eta UGTk, aukera zuten bakoitzean. (...)
Egoera zeharo aldatu da. Edo, beste era batera esateko, iazko lanuztearen harira euskal sindikatuek egindako iragarpen ilunenak betetzen ari dira. Moncloa merkatuen esanetara jarri da, eta politika horren ondorioak, olatu baten gisara, gizarteko sektore geroz eta gehiagora iristen ari dira. Defizitari aurre egiteko plan bortitzak funtzionarioak eta pentsiodunak izan zituen jopuntuan. Lan erreformak, berriz, kaleratze merke bat pairatzeko beldurra langile askorengana hedatu du.
Hurrengo atalak zeintzuk izango diren asmatzea ez da zaila. Pentsioen erreformaren ondoren zaharrago erretiratuko gara, eta ordaina kalkulatzeko urte tartea handituko denez, diru gutxiagorekin. Langabezia sariaren baldintzak eta kalkulua mugatzea agendan ere badira, honezkero. (...)
Hamazazpi egun nahikoak izan dira sindikatu abertzaleentzat greba deialdia egin eta bururaino eramateko. Tarte eskas horrekin lortu den emaitzari duen garrantzia eman behar zaio. Egutegia ez da arazo bakarra izan. Sindikalgintza susmopean jarri nahi duten iritziak ari dira lortzen sindikatuen aldarriek hedabideetan ez duten oihartzuna. Gobernuek ere gutxieneko zerbitzuak estutzen dituzte, eguneko albistegian normaltasuna saldu ahal izateko. Gaitz guztiak ez datoz kanpotik ere, eta gizartea nahiz langileria aktibatzeko geroz eta zailtasun gehiago ditu sindikalgintzak. Euren mezuak, jarduera eta antolakuntza egokitzea beharrezkoa den hausnartu beharko dute.
CCOOk egun berean lanuztera deitu izana ere esanguratsua da, baita ere. Ez da sindikatuaren estrategian sakoneko aldaketarik espero, baina ongi interpretatu du Unai Sordok sindikatu abertzaleen bultzadarik gabe jokaleku eskasa geratzen zaiela. (...)
Krisia kirol partida balitz, atsedenean geundeke honezkero. Eta langileak, oraingoz, galtzen ari dira. Botere politiko eta ekonomikoek mundu osoan hartu duten bidea aldatzea oso zaila da, baina murrizketei erantzutea bestelako alternatibarik ez dago.