Xanti Begiristain Madotz | Iruñea
Adierazpen askatasuna
Peñen pankartak beltzez margotuta ikusiko ditugu, irudirik gabe, marrazkirik gabe, kolore anitzik gabe, alaitasunik gabe, umorerik gabe, baina ez errebindikaziorik gabe
Aurten Iruñeko peñek sanferminetan pankartak beltzez margotuta ateratzea erabaki dute, Udalaren jarrera gogorraren aurka. Nik uste dut jokaera hori guztiz justifikatuta dagoela eta hiriko jende gehienak gainera jakinen duela ulertzen inolako arazorik gabe.
Iruñeko peñek, nik dakidanez, beti egin izan dituzte mota guztietako errebindikazioak beren pankartetan San Fermin jaietan, bai behintzat demokrazia garaian. Frankismo luze eta ilun osoan zehar ez dakit oso ongi errepresiorik izan ote zen inoiz gai horri dagokionez -horrela gertatu izan balitz ere, ez zen oso harrigarria izanen, kontuan hartuta frankismoa diktadura zital, garratz eta ankerra izan zela-, baina gaur egun Iruñeko udal gobernuak adierazpen askatasuna ezabatu nahi izateak ez du inongo justifikaziorik eta zentzurik, bere burua ez baitu diktadoretzat.
Esan daiteke Iruñeko peñek beren pankartetan errebindikazio politiko eta sozialak egitea, dagoeneko, ohitura eta usadio osasungarria dela, eta gizarteak inolako erreparorik gabe onartua duela.
UPNren udal gobernuak egundoko demokrazia gabezia erakusten du Iruñeko peñei pankartetan errebindikazio politikoak eta bestelakoak egitea debekatuta. Adierazpen askatasunari zuzen-zuzenean eraso egiten dio, beste askotan bezalaxe, zorioneko terrorismoaren aldeko apologia egiten dela esanez, eta aitzakia horrek beti balio dio, batere lotsarik gabe, hainbat eta hainbat giza eskubide kolpe batez ezabatzeko.
Horrek demokraziari berebiziko atzerakada dakarkio, demokraziaren kontzeptua bera ahuldu eta indargabetu egiten baitu.
Gaia ez da inolaz ere txantxetakoa, batez ere aintzakotzat hartzen badugu, jadanik bi peñatako bi kidek joan behar izan dutela auzitegira deklaratzera.
Kontuak kontu, egoera tamalgarria da. Sanferminen historia osoan, aurtengoa izanen da lehendabiziko aldia peñen pankartak beltzez margotuta ikusiko dituguna, irudirik gabe, marrazkirik gabe, kolore anitzik gabe, alaitasunik gabe, umorerik gabe, baina ez errebindikaziorik gabe. Aurtengoa izanen baita, Barcinak horrela nahi ez bazuen ere, inoizko aldarrikapen eta eskabiderik handiena.