Maite Ubiria Kazetaria
Hondoratze luze baten kronika
Sei urte igaro dira «Bugaled-Breizh» itsasontzia hondoratu zenetik. Bost arrantzale hil ziren Bretainian zirrara handia sortu zuen istripu horren ondorioz. Geroztik, marinelen familiek borroka luze bezain zamatsua daramate auzitegietan. 2004ko urtarrilaren 15ean itsasoa ez zen bereziki gaiztoa, ez bederen oso baldintza latzetan jarduten duten itsas langileen irudikoz.
Horregatik, lehorrean harriduraz hartu zuten zorigaiztoko gertakariaren karietara ofizialki bideratu zen azalpena. Zailtasunez beteriko sorospen operazio baten ondoren, itsasontzia urpetik atera zuten. «Bugaled-Breizh» ontziak zituen arrastoek pentsarazten zutenez, kolpe izugarri bat pairatu ondoren jo zuen hondoa. Zeren kontra egin zuen talka ontziak?
Istripua gertatu eta berehala matxura gertatu zen sorospen zerbitzuetako koordinazio zentroan. Tripulazioak helarazitako mezuak galdu izanak ezbeharra argitzeko lana korapilatu zuen.
Hala ere, itsasontzi bretoia galdu zen egunean itsas eremu horretan mugimendu berezia izan zela jakin ahal izan zuten familiarrek. Cherbourgeko portutik arrisku berezia duten hondakin nuklearrak garraiatzen ditu Frantziak, eta urpeko nuklearren joan-etorriak ohikoak dira ezbeharra gertatu zen inguruan. Istripuaren biharamunean, gainera, gerra ariketetan ibili ziren NATOko ontziak.
Gobernuaren itzalpean jarduten duen fiskaltzak eginiko inkesta ontzat emanez, istripuaren hipotesia lehenetsi zuen epaileak. Zaurien gainean gatza bota zuen frantziar justiziak.
Nori egokitu zitzaion ikerketa judizialari gakoa ezartzeko lan itsusia? Baionara arribatu zenean Jon Anzaren desagerpena argitzeko ardura hartu zuen Anne Kayannakisek idatzi zuen «Bugaled-Breizh» itsasontziaren aferan ardura ofiziala kukutzeko erabili zen txostena.
Frantziako Giza Eskubideen Ligak Anzaren auzian gertatu diren irregulartasunak salatu eta biharamunean... hara! itsasoak «Bugaled-Breizh» ontziko tripulazioaren justiziaren aldeko garrasi isila hondartzara bidali du berriz. Izan ere, ontziaren hondoratzea eragin zuen urpekoa identifikatzeko inkesta berria agindu du dei auzitegiak.
Bettencourt, Colonna, Anza... Sarkozy eta Alliot-Marie kortsarioek estatu arrazoiak dituen harkaitz zorrotzetara bidali dute justizia, ontzia hondora jotzeko arrisku neurrigabea sortuz.