GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Haitzuloetako ilun argitik

Bideoak urrunetik hamalau, bertaratu eta lau. Hauxe zitekeen esaera zaharraren bertsiorik baikorrena. Ziega honetan, ostera, bestelako bertsioa dago: epaitegitan barne zaileko soilburua ahobero, ziegaratu eta bideotan zero. Ez, light ez; zero!. Lurrean kondenatuak diren langile tristeen artean ETBko audientzia handitzeko aproposa izango litzateke pasadizo hau, Just for laughing tartean, kasuko. Edo Teleberrin, gazteak berak ere audientziaren mundura erakartzen hasteko. Hasi hemengo audientzian eta amaitu hango audientzia nazionalean. Total, Euskal Filmotekarako primerako bideoa Arkaute horretakoa!. Jaurlaritzak Urdaibai eskualdea larritik ateratzeko proposatu berri duen bienalean aurkezteko modukoa! Baietz efektu berezien saria irabazi! Ez irudirik, ez aienerik duen zinta. Are gehiago, zintarik ere ez duena. Ohiko politikako itsuek ez dute emanaldian ezer galduko. Itsu arruntek, berriz, argi ikusteko moduko bideoa. Izan ere, irudi batek mila hitzek beste balioa balu kontuak atera zenbat hitz beharko lirateke existitzen ez den irudiak beste balioa izateko. Zero horren bertsio ofizialik entzun ez badut ere, bideo-kamerak, ziegan holakorik izatekotan, bateriarik ez zuelakoan nago ni, eskura ziren bateria guztiak aurreko egunetan inguruko jai-eremuetan agortu bide baitziren; txosna ondoko aurreskutan, jakina.

Iruditan askoz bideo argiagoak zabaldu dira egunotan Itsasondoko lurpeko argitik. Hortaz, horko herritarrak bai baikorrak gero! herriari zelan deitu eta hara! itsas ondo!, marea goran ipiniko zuten izena!. Ama, ama! Itsaso Gorria dute horiek gertuago Kantauri bera baino!. Akaso olatuak heltzen ziren kostatik herrira lurpeko meazulo-sare zabaletatik?. Platonen pentsaera hortik zihoan. Akaso izanari hortik datorkio izena?. Akaso bai. Tira, harira!. Hango haitzuloetara bertaratu eta, oraingoan bai, lau aurkitu. Senaren kontra daudenen aurkari. Jatorretan sator, ilunaren argiz; poetak zioenez senak agintzen baitigu zenari eustea. Besarkada bana, kanpoko grisetik.

Eta orain Tourreko nire porraren estrategia birpentsatu egin behar dut, beheko Estatuan legean egin berriko erreformaren argira. Itzelezko aukerak zabaldu zaizkit eta!. Nire aurrean direnen zerrendak baliogabetzea eskatu dezaket amaieran. Eta batek daki! azkenean maillot horia faroltxo gorriak eskuratu ere!. Horia-gorria ..... usaina hartu?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo