GARA > Idatzia > Euskal Herria

Jendetsuenetarikoa izan da hamaikagarren Eskola Ibiltaria

Ikasle Abertzaleek antolatutako Eskola Ibiltariaren hamaikagarren edizioa ostegunean abiatu zen Lezotik. Hiru egunetan, Oarsoaldeko hainbat txokotatik igaro ez ezik, eskolak ere izan dituzte euren ezagutza elkarren artean trukatu eta handitzeko. Aurtengo ekitaldian, euskal hezkuntzak bizi duen «eraso espainolistaren eta frantsesaren aurrean, euskal herritar aske izateko euskal kultura ezagutzea premiazkoa» dutela aldarrikatu dute.
p022_f03_097x088.jpg

GARA |

Giro ezin hobean agurtu zuten atzo Oiartzunen Ikasle Abertzaleek antolatutako hamaikagarren Eskola Ibiltaria. Aurtengoa, ediziorik jendetsuenetarikoa izan dela adierazi zuten antolatzaileek. Euskal kultura gai nagusi izan duen Eskola Ibiltaria Lezotik abiatu zen ostegunean. Hiru egunetan, Oarsoaldeko zenbait txokotatik igaro ez ezik, parte hartzaileek beren ezagutza handitzeko eta partekatzeko parada izan dute. Euskal hezkuntzak bizi duen «eraso espainolista eta frantsesaren aurrean, euskal herritar aske izan nahi badugu, euskal kultura ezagutzea premiazkoa» dutela aldarrikatu dute hiru egun hauetan.

Hortaz, euskal kulturaren arlo ezberdinak landu dituzte egin dituzten eskoletan: dantza, musika, jai herrikoiak, bertsolaritza, antzerkia, literatura eta herri kirolak, besteak beste. Kultur sorkuntzan emakumeak izan duen eta egun duen tokia ere jorratu dute.

Ikasle Abertzaleak mugimenduak antolatutako hamaikagarren Eskola Ibiltaria izan da aurtengoa. «Euskal Herria da gure eskola» lelopean, lehenengo egunean, Lezotik Errenteriarako bidea egin zuten. Bigarren egunean, Errenteriatik Oiartzunera abiatu ziren, eta, atzo, azken egunean, mendi buelta egin ondoren, Oiartzunera itzuli ziren.

Atzo, Aiako Harrien magalean ibili ziren martxalariak eta Aritxulegira iritsitakoan eskola eman zuten, bertsolaritza lantzeko tailerra.

Oiartzunera jaitsi zirenean, Juan Mari Beltranen eskutik, Herri Musikaren Txokoa museoa bisitatu zuten eta bertan dauden musika-tresnen ingurukoen berri jaso zuten. Euria bidelagun izan zuten eta nabarmen eskertu zuten arratsaldean hartu zuten dutxa.

Oiartzunen triki-poteoa egin zuten gaztetxera bidean. Han izan zuten amaierako ekitaldia. Bertso afari parte hartzailea egin ostean, dantzarako tartea heldu zen. Itzel taldearen eskutik, jaialdia antolatu zuen Ikasle Abertzaleak Oiartzuneko Gaztetxean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo