GARA > Idatzia > Kirolak> Tenisa

Wimbledon

Erreginaren koroak ez du jabe aldaketarik onartzen

Lehian sartzea kostatu bazitzaion ere, laster atera zuen Williamsek bere kolperik zitalena, eta aukerarik gabe utzi zuen Zvonareva errusiarra.

p052_f01_097x104.jpg

GARA | LONDRES

Hamabost minutu baino ez zituen behar izan Serena Williamsek Vera Zvonarevaren amets gozo bezain iheskorra zapuzteko. Hasierako urduritasunak albo batera utzi eta berehala atera zuen bere onena estatubatuarrak, errusiarraren aurka garaipena lortzeko eta, bide batez, Wimbledoneko erregina oraindik ere bera dela erakusteko. Hala, inork ahaztu behar ez duen datua da Serenaren laugarren Wimbledona dela lortu berri duen hau.

Williams ahizpetan gazteenak erosotasun handiz lortu zuen belar gaineko Grand Slam-a. Behetik gorako jokoa erakutsi zuen estatubatuarrak, eta lehen minutuetako erosotasun falta gainditu ostean, 6-3 eta 6-2ko emaitza argiarekin lortu zuen garaipena.

Gogortasunetik abiatuta zizelkatu zuen garaipena tenislari estatubatuarrak. Arrisku gehiegi hartu gabe eta lehiakidearen ezaugarriak aztertuz, emaitza estua eskuratu zuen lehendabiziko set-ean -3-2-.

Dena den, hasierako pazientzia albo batera utziz, ausardiaz bete eta arriskuak hartzen hasi zen WTAko lehen postuan dagoen tenislaria. Bere sakeak ongi aprobetxatu zituen eta lehen break-a sartu zion errusiarrari seta 6-3an uzteko.

Bigarren set-ean, ordea, burrundara heldu zen All England Club-era. Williamsek animalia odolberoaren sena atera zuen, eta inongo errukirik gabe astindu zuen pilota zelaiko txoko guztietarantz. Handik aurrera nagusitasuna handitu baino ez zen egin eta berriz ere bi zerbitzu kendu ostean, Williams zuzenean iritsi zen garaipena eman zion puntura.

Nadal eta Berdych

Gaur jokatzen da, bestetik, gizonezkoen finala (15.00, Cuatro). Rafa Nadal eta Tomas Berdychen arteko lehiak erabakiko du aurtengo belar gaineko erregea nor izango den.

Roger Federerren hutsuneak tenislari espainiarraren gainean utzi du faborito nagusiaren zama, baina Berdychek egin duen lehiaketa ere kontuan hartzeko modukoa da. Izan ere, txekiarrak Federer eta Djokovic utzi baititu kalean aurtengo torneoan. «Faborito bakarra bihar trofeoa lortzen duena izango da», laburtu zuen egoera Nadalek.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo