GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Tulipanak

Markel IRIZAR | Txirrindularia

Berriz ere, iaz Espainiako Vueltan egin genuen moduan, Txurru eta biok Tourrari buruzko txutxu-mutxuak kontatzen arituko gatzaizkizue. Ametsek, lasterketa barrutik, lasterketa bera nola ikusten duen, bere pasadizoak eta abar kontatuko dizkizue, eta ni, berriz, etxeko sofatik, denak erraza eta laua dirudien txokotik, beste iritzi bat ematen saiatuko natzaizue. Iazko Tourra bukatu zenetik, txirrindularitza zaleok uste dut irrikaz egon garela aurtengo Tourra iristeko. Armstrong eta Contadorren arteko «ika-mikek», kirol honek galdua zeukan saltsa eta «morboa» ekarri dute. Izan ere, bada denbora bat kirolaz bakarrik hitz egiten dela, oraindik ere «motortxoaren» istorioak hauts ugari harrotzen duen arren. Nire ustez, azken urteetako Tour politenetariko baten atarian gaude, eta aurrerantzean gozatu ederra hartuko dugula uste dut.

Rotterdamen hasi da aurtengo Tourra, eta askotan gertatu ohi den moduan, euria egin du. Espero dut datozen egunetan eguraldi hobea izatea, zeren Herbehereetako errepideek duten arriskuarekin, bat baino gehiago ikus dezakegu bestela hankaz gora. Euripean egindako erlojupeko honetatik lehen ondorioak atera genitzake. Lehenengoa, Cancellarak motortxoa erabiltzen zuela esaten zuten horiei erakutsi diena. Alegia, arrazoia zutela, baina bere motorra 83 kiloko basajaunak mugitzen duela, eta ez batzuek zioten moduan, bizikletan zuen makinak. Bigarrena, Lance zaharra denok uste zutena baino hobeto ibili dela erlojupekoan. Argi dago, Alberto dela faborito nagusia, baina ez dio berehalakoan ezer oparituko gure nagusi «yanki»-ak.

Ba, besterik gabe, Austriako itzulian ditugun paraje eder hauetatik agur bero bat. Ea gure Ametsek, haize-errota, bidegurutze, lautada, eta tentsio artean, Holandako zelaietako tulipanez bistaz gozatzerik duen! Bere biharko zutabetxoaren zain, ongi etorri guztioi, 21 egunetan lagun izango zaituztegun irakurleoi, eta goza dezagun ikuskizunaz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo