Aitor Mendizabalen granitozko eta zinkezko zutoinak, Baionan
Aitor Mendizabal eskultorearen lanak ikusgai dira ondoko uztailaren 24a arte Baionako La Poudriere aretoan. Bolborategi izandako gunea XVII. mendean eraiki zuen Vaubanek. Venezuelan jaiotako artistak lekuak sinbolizatzen duena bere egitea erabaki du, jorratu duen gai nagusia, gizakiak sortzeko eta suntsitzeko duen ahalmena, bertara egokitzeko.Ainize BUTRON | BAIONA
Baionako La Poudriere galeria arte garaikiderako gune nagusi bilakatzeko xedea azaldu du Herriko Etxeak. Eta horren islatzeko, joan den maiatzaz geroztik, eskultura garaikidea goraipatu dute Christiane Giraud eta Regis Pochelu lekuko zizelkariekin. «Eskulturen historia» izeneko ekimen horren barruan, gaur hasi eta uztailaren amaiera arte bertan izango da Aitor Mendizabalen erakusketa.
«Les lois cachées du désir» (desiraren lege ezkutuak) izenburupean, artistak Vaubanek XVII. mendean eraikitako La Poudriere gunerako egin dituen eskultura erraldoiak dira ikusgai bertan.
«Arku zorrotz formako eraikina da. Niretzat sinboloz beteriko lekua da, bertan sartzen baitzen eraso egiteko, babesteko eta suntsitzeko baliatzen zen bolbora», argitu zuen. Eraikinaren sinbolo hori bereganatuz, Aitor Mendizabalek azken hamabost urteotan lantzen aritu den gai nagusira egokitu du, hau da, gizakiak barnean duen suntsitzeko eta sortzeko ahalmena. «Hamabost urte daramatzat naturak suntsitzeko eta sortzeko duen indarraren kontzeptua lantzen», nabarmendu zuen.
Zazpi eskultura dira orotara erakusketa horretarako landu dituenak. Zuhaitz baten erara, granitozko enborrak zutik jarriak ditu La Poudrieren, gainean zakil irudiko zinkezko formak «erekzioan edo ez» agertzen direlarik.
«Arma aldi berean sortu eta suntsitzeko baliatu daitekeen zerbait da. Gizartea da naturari gailentzeko armak baliatzen dituen bakarra, eta, horretan, gizona da gehienetan indar suntsitzaile eta inposatzailearen sinbolo nagusia», gogoratu zuen artistak zakilaren irudia baliatu izanaren arrazoia azaldu nahian.
Eros eta Thanatos
La Poudriere aretorako landuriko zazpi zutoin horiez gain, aurretik egindako «Eros eta Thanatos» serieko beste lau obra ere ikus daitezke. «Obra horietan guztietan natura da aipagai. Kontzeptu bera lantzen dute. Suntsitzeko eta eraikitzeko indarren adierazle dira», esan zuen. Zutoinak ez bezala, «Eros eta Thanatos» serieak bi dimentsioko eta erliebeko piezak biltzen ditu, kobre satinatuan eginak. Piezen bertikaltasunak eta giza itxurak heriotzaren gorputz zurruntasuna (Thanatos) nahiz bizitzaren indarra gogora ekartzen dituela nabarmendu zuen artistak.
Anbibalentziaz beteriko hausnarketa «filosofiko» horren bidez, gizakiaren arima eta naturarekiko duen harremana aztertzen saiatzen da Mendizabal. Horrekin batera, erakusketa bere zizel lanen estetika aipatzeko baliatu zuen artistak. «Ez dut artea estetika edo ederra den zerbait bezala irudikatzen, arteak konpromiso baten isla ere izan behar du», gehitu zuen.
Ikuspegi estetiko hori garrantzitsutzat jo zuen eskultoreak, bereziki ondoko belaunaldiei begira. «Arteak barne edertasuna islatzen du, eta, hura sortzen da norberaren aurkako borroken indarraren ondotik», zehaztu zuen, unibertso guztira egokitzen diren kontzeptuak direla gaineratuta.
Jean-François Larralde arte historialaria, bestalde, honela mintzatu zen eskultorearen lanaren inguruan: «Bere zizel lana gizakiaren egoera anitzen adierazpen sinboliko gisa agertzen zaigu. Aurkarien sinbologiatik dator, eta, bere pultsio edo irriketatik ateratzen da. Pieza bakar batean indar aurkariak barnatuak dira».
Erakusketa uztailaren 24ra arte izango da Baionan. Asteartetik larunbatera izango da zabalik, oren batetik arratsaldeko sei eta erdietara.
La Poudriere aretoak beste bi eskultoreren lanak ere azalduko ditu ondoko hilabeteetan. Abuztuaren 7tik 29ra Zigor eskultorea izango da, eta irailaren 4tik 25era, Gilles Plantade artista.