ARRAUNA TKE Liga
Horiz jantzi dira oriotarrak
«Mirotza» traineruak denboraldiko aurreneko garaipena erdietsi zuen Pedreñari hamar segundo aterata.
Ander GARTZIA
Oriok erakustaldia eman zuen Ibaizabalgo uretan korritutako erlojupekoan eta, hala, maillot horia soinean duela hasi du TKE liga. Gipuzkoarrek argi erakutsi dute sasoi bikainean iritsi direla egutegiaren lehen zatira eta, atzo, indar handia eskatzen duen modalitatean, ez zuten hutsik egin. Hasieratik antzeman zitekeen «Mirotza» traineruaren branka ezin finago zihoala Bilboko ibaia mozten, eta Deustuko zubipean hartutako lehen ziabogaz geroztik, bereak izan ziren denbora onenak. Pedreñako ontzia erruz saiatu zen lehen ezustekoa eman nahian eta garesti saldu zuen garaipena. Kantabriarrak ederto aritu ziren arraunean eta lehen bi txandetako denborarik onena lortzeko gai izan ziren. Hamar segundoko atzerapena izan arren, meritu handiko bigarren postua eskuratu zuten, azken urteetako gorakadari jarraipena emanaz.
Castrok, ostera, ezin izan zuen iazko nagusitasuna erakutsi eta laugarren postuarekin konformatu beharra izan zuen. San Pedroko traineruak ere aldaketa asko izan ditu aurten eta iazko txapeldunordea ez zen aurrealdean ibili. Hala ere, benetan kezkatzekoak Zumaiak eta Zarautzek lortutako emaitzak dira. Gipuzkoarrak ez ziren maila onenean aritu eta azken bi postuetan sailkatu ziren.
Bizkaitarrak ondo
Etxeko arraunlarien kupoak gorabehera, bai Kaikuk bai Urdaibaik punta-puntako koadrila osatu eta garaipenerako lehian aritzeko arazoak izango zituztela aipatu izan du jende ugarik. Askok, ordea, bildots jantzitako otsotzat jo zituzten bizkaitarrak, eta azkenean, batak zein besteak oso maila ona erakutsi zuten eta Marina de Cudeyoko ontziak lortutako denboratik gertu ibili ziren une oro. Jose Luis Kortaren mutilak, Sestaoko zale andanaren babesarekin, seigarren postuan sailkatu ziren, bermeotarrekin batera lehia polita izan eta gero.
Gaur, bestalde, 12.00etatik aurrera (ETB-1), Donostiako Movistar Bandera jokatuko da Kontxako badian.
TKE Ligara bueltatu eta oso fin aritu zen Pasai Donibane; denbora luzean aurreneko postuan izan eta gero, sailkapen nagusiko hirugarren denborarik onena eskuratu zuen. «Erreka» faborito nagusien artean zen, batik bat, denboraldi-aurrean erakutsitako mailari esker, eta gipuzkoarrek ez zuten hutsik egin.
Puntako mailan klasikoa den beste ontzi bat Astillero da. Kantabriarrak lau urte luze eta gero bueltan dira arraunaren gorengo estropadetan, baina aurreneko proban ikusitakoak ikusirik, ezinezkoa izango du «San Jose XIV.a» ontziak sasoi bateko arrakasta haiek errepikatzea. Atzo hamargarren izan ziren Oriorengandik 30 segundora. A.G